Zearretako kirol-pistak estaltzeko lanak martxan daude
Gernika-Lumoko Udalak 648.700,60 euro inbertitu ditu Zearretako kirol-pistetako estaltze-lanak jorratzeko; lau hilabeteko epea aurreikusten da lanokin bukatzeko.
Gernika-Lumoko Udalak Zearretako kirol-pistak estaltzeko lanak hasi ditu. Udalak aditzera eman duenez, horretarako 648.700,60 euroko inbertsioa egin da, eta gainera, lau hilabeteko epea aurreikusi da lanok gauzatzeko. Proiektu honen helburua argi adierazi dute, oro har, udal gobernukideek; herriko kirol instalazioak hobetzea eta gazteen artean kirola sustatzea, baita euria edo hotza egiten duen egunetan ere. Hori lortzeko “baldintza hobe” gisa dituzte estaltze-lanak.
975 metro koadroko azalera dute Zearretako pistek, eta Gernika-Lumoko herritarrek “sarri” erabiltzen dute gune hau, udalaren hitzetan. Alegia, Allende Salazar eta Seber Altube ikastolako “1.490 ikaslek erabiltzen dute egunero”. Horrez gain, eskola orduetatik kanpo ere, erabilera handia izaten duela nabarmendu dute, asteburuetan, adin guztietako bizilagunenen topaleku bihurtuz.
Kirol instalazioa bi mailatan banatzen da gaur egun. Goiko aldean, 33,25 metrora, 800 metro koadroko frontoi estalia dago. Beheko mailan, ostera, lau metroko altueran, aire zabaleko saskibaloiko bi kantxa eta areto futbolerako zelai bat daude; horiek izango dira estaltze proiektuaren onuradun nagusiak, udalak aurreratu duenaren arabera.
Planak, “saskibaloi kantxetan estalkia jartzeaz gain, futbol zelaia berritzea eta instalazioak babesteko itxitura perimetrala eraikitzea” aurreikusten du. Obra honekin, Gernika-Lumoko Udalak “kirolaren aldeko apustua indartzea” bilatzen du, “kohesio komunitarioaren eta gizarte ongizatearen ardatz gisa”.