Osakidetzak adimen artifizialaren aldeko apustua egin du, osasun arreta hobetzeko
Etxetik atera eta osasun-zentrora hurbiltzeko zailtasunak dituzten paziente zaurgarriei zuzendutako bideokontsultak egingo dira, Maite Martínez de Albéniz Asistentzia Sanitarioko zuzendariak Euskadi Irratian azaldu duenez
Teknologia berriek eta adimen artifizialak “funtsezko zeregina” izango dute arreta soziosanitarioa hobetzeko, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendari Maite Martinezek Euskadi Irratian esandakoan arabera. Baina ez dutela inolaz ere asistentzia presentziala ordezkatuko esan zuen, ez mota horretako arreta behar duten pazienteen kasuan.
Hala, paziente zaurgarriei tele kontsultak egiten hasiko da Osakidetza; hau da, euren egoeragatik etxetik ateratzeko eta osasun zentrora joateko zailtasunak dituztenei egingo dizkiete tele kontsulta horiek. Hala adierazi zuen joan den asteko elkarrizketan. Izan ere, hori Osakidetzak arreta sanitario publikoaren bilakaera digitala indartzeko eta biztanleriari baliozko zerbitzu seguruak emateko egiten duen teknologia berrien erabileraren adibide bat baino ez zela esan zuen.
Eta hori ez dela erabilera bakarra gehitu zuen: Osakidetza adimen artifiziala probatzen ari da bularreko minbiziari heltzeko. “Teknologiak osasun sistema esparru guztietan eraldatzen lagunduko digu, baina horrek ez du esan nahi betiko arreta, hau da, presentziala aldatuko dugunik”, argi adierazi zuen.
Itxarote zerrendak ere tresna informatiko berrien onurak jasotzen ari direla dio, uztailetik azarora 15 egunetan murriztu zirela esanda. “Neurri sorta bat aplikatu denez, kirurgiako batez besteko atzerapena 52 egunekoa da gaur egun”, azaldu zuen. Ebakuntza gelen erabilera hobeto antolatzeko aukera ematen duten teknologiez gain, neurri horien artean hurrengoak ere lantzen ari da Osakidetza: batzorde kirurgikoak sortzea edo jarduera areagotzea, fakultatibo berrien kontratazioaren ondorioz.