Aurten ere, hamabi langabetu kontratatuko ditu Gernika-Lumoko Udalak
Herrilan laguntza programa jarri du martxan beste behin Gernika-Lumoko Udalak, "kolektibo kalteberetako hamabi langabeturen kontratazioa bultzatzeko". Sei hilabetez emango die enplegua eta gaikuntza kontratatuei.
Aurten ere, lehentasunezko arreta kolektiborako hamabi langabetu kontratatuko ditu sei hilabetez Gernika-Lumoko Udalak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan eta Lanbide Ekimenak Zentroaren bidez. Kontratatuek mantentze, lorezaintza eta garbiketa lanak egingo dituzte udalerriko hainbat gunetan, eta horretarako gaikuntza ere jasoko dute.
Hain zuzen ere, kontratatuek 100 orduko gaikuntza jasoko dute lorezaintzan, gizarte-trebetasunetan eta pinturan, banakako lan-orientazioko tailerrekin batera. Prestakuntza hori eta lan-zereginak martxotik abuztura bitartean egingo dituzte.
Lanbide Ekimenak Zentroak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jarritako programa da Herrilan, kolektibo kalteberetako langabetuak kontratatzea helburu duena. Hain zuzen ere, luzaroko langabetuak edo diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradurak direnak kontratatuko ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta hautatutakoek DBHko edo beheragoko hezkuntza maila izan beharko dute.
Jon Lejarraga Lanbide Ekimeneko presidentearen arabera, ekimenaren helburua da “funtsezko babesa” ematea egoera zailenetan daudenei, baita enplegua sustatzea zailtasun handienak dituzten kolektiboen artean.
Gernika-Lumoko udalak zehaztu duenez, 2015etik, udalak hainbat ekimen bultzatu ditu langabetuei laguntzeko, eta ordutik 65 pertsona aldi baterako kontratatzea lortu du antzeko programen bidez.