2024ko 66.609 bisitariek Gernikako Bakearen Museoaren lana indartu dute
Errekorreko urtea izan zen iaz Bakearen Museoan, bisitari kopuruari dagokionean behintzat, eta horrek, aurrera jarraitzeko bultzada eman dio museoari. Hurbildutako guztien artean, 7.027 izan ziren Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoak.
Gernikako Bakearen Museoak 2023an hautsitako errekorra gainditu zuen iaz bisitariei dagokienean: 66.609 bisitariren aterpe izan zen museoa, 2023an baino 6.047 pertsona gehiago jasoz. Honela, marka guztiak gainditu ditu, bigarren urtez segidan.
Bistari guztien artean, 7.027 izan dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoak, 16.750 Espainiar Estatukoak, eta 35.777 europearrak. Aldiz, Amerikatik 5.677 pertsona hurreratu dira, eta 836 Asiatik.
Denetara, 1.173 taldek baino gehiagok bisitatu dute museoa harrera agentzien edota mundu osoko ikastetxeetatik hurbilduta; izan ere, guztira, 24.233 pertsona izan dira taldean bertaratu direnak.
Museoko gelak bisitatu dituzten bisitariez gain, ehundaka ibilbide gidatu eskaini dituzte museoko langileek (Memoritour Gernika, 4 ibilbide desberdinetan: Babeslekuak, Picasso eta Guernica, berrikuntza, eta gerrako korresponsalak).
Eta, horrez gain, jarduera hezitzailez, tailerrez, egun berezien ospakizunez, igandeetan familiarteko ekintzez eta udalekuz beteta egon da museoa.
Gainera, jende ugari erakarri duten aldi baterako bi erakusketaren aterpe ere izan da: Gurs eta Aire errea.
Nazioarteko proiektuak.
Era berean, museoak “aktiboki” parte hartu du Europako hainbat proiektutan, baita nazioarteko mintegietan ere; besteren artean, Rememchild eta Making Histories proiektuetan.
Rememchild proiektua Migraid Migrazioak eta Laguntza Humanitarioa Europan proiektuaren (1914-1949) jarraipenaren aldeko apustua da. Proiektu hori Europe For Citizens 2019 deialdian onartu zen, eta haren helburu nagusia izan zen haurren eta emakumeen esperientzia kolektiboetan sakontzea, 1914tik 1949ra arte. Izan ere, Europako Historian aldi gorabeheratsua eta erabakigarria izan zen hori, munduko bi gerra gatazkek eta biztanleria zibilean izan dituen ondorio ugarik markatuta. Hala, proiektuagaz, Europako haurren memoria berreskuratu eta zaindu gura dute, baita erregimen ez demokratikoek aplikatutako diskriminazioak, jazarpenak eta gorrotoak haurrengan eta emakumeen utzi dituen ondorioak agerian utzi ere.
Bestalde, Making Histories proiektuak kulturari eta hezkuntza historikoari buruzko jakintza ekoizpenaren diziplina arteko ikusmoldea bultzatzeko proiektua da. Hala, proiektu horren helburua nagusia da erakundeen nazioarteko eta diziplinarteko sare bat sortzea, gaur egungo gizarte demokratikoetan ordezkaritza historikoen zeregina hobetzeko. Zehaztu dutenez, “arreta berezia” eskainiko zaio generoaren presentziari eta globalizazioaren erronken garrantziari. Proiektuak ikerketa artikuluak, liburuak eta garapen profesionalari buruzko ikastaro digital bat sortuko ditu, eta “ikuspegi dialogikoa” sortuko du historiaren irakaskuntzan. Jakinarazi dutenez, Europa, Australia, Kanada, Hego Korea, Israel eta Latinoamerikako 18 erakundek parte hartzen dute proiektuan.
Bakearen Museoak, gainera, Bitartekarien Eskola Iberoamerikarraren laugarren edizioan ere parte hartu zuen iaz, memoria leku eta guneetan Txileko, Argentinako eta Mexikoko museoekin lankidetzan. Horrez gain, memoria leku eta turismoari buruzko nazioarteko mintegietan ere parte hartu dute.
Eta museoak bere zabalkunde lanagaz ere jarraitu du sare sozial eta hedabide desberdinetan. Bere ikerketa lanagaz ere aurrera jarraitu du —Gernikako bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroaren bitartez—, Alemaniako, Portugalgo eta Espainiako hainbat artxibotan arakatuz.
Aurtengora begira.
Denetariko ikerketak eta ekintzak aurrera eroanda amaitu zuen iaz urtea Bakearen Museoak, eta aldi baterako zenbait erakusketa antolatuz ekingo dio urte berriari: Haurtzaroa gerran zegoen mundu batean (urtarrila-apirila), Fernando Sanchez Castillo artistaren Bandera zuria. Futuro damnatio (apirila-iraila) eta Orratz begia (iraila-abendua).
Museoak, gainera, nazioarteko hainbat mintegi antolatuko ditu; besteren artean, Ondare artistikoa eta gerra zibila (apirilean), Memoria eta artea, antzerkigintzarekin elkarlanean (ekaina) eta Oroimenerako tokietako bitartekaritzako V. Eskola iberoamerikarra (maiatza-ekaina).
Munduko hainbat artxiboetan museoa garatzen ari den ikerketa lanagaz ere jarraituko dute, tartean Britaina Handian, Frantzian, Italian eta Espainiako artxiboetan.
Urtarrilean museoa itxita dago eta horrela egongo da urtarrilaren 27ra bitartean, “urteko mantentze lanak direla eta”.
Gero, urtarrilaren 28tik (martitzena) martxoaren 16ra bitartean eta urriaren 20tik aurrera, neguko ordutegia izango du: astelehenetan itxita eta martitzenetik barikura bitartean, 10:00etatik 18:00etara bitartean. Zapatuetan, aldiz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara zabalduko dute, eta, domeketan, 10:00etatik 14:30era.
Martxoa eta urria bitartean, berriz, udako ordutegia izango du; hau da, egunero egongo da zabalik, hurrengo ordutegian: astelehenetan eta domeketan 10:00etatik 14:30era, eta martitzenetik zapatura 10:00etatik 19:00etara.