Lointeken eta Gironaren arteko partidagaz abiatuko da Erregina Kopan aurten
Martxoaren 20tik 23ra lehiatuko dute Erregina Kopa, Zaragozan, eta lehen partidua izango da Lointek Gernika Bizkaiaren eta Gironaren artekoa. Marta Alberdi jokalari gernika-lumotarra "pozik" geratu da zozketak ekarritakoagaz, 10. jardunaldian Malosten jokatutako jardunaldian aurre egin ziotelako Kataluniako taldeari.
Lointek Gernika Bizkaiak Uni Gironaren aurka jokatuko du Zaragozako Erregina Kopako final-laurdena, martxoaren 20an, 18:30ean, Principe Felipe Pabiloian.
Kopako lehen partidua izango da, eta, irabaztekotan, talde gernikarrak egun berean, 21:00etan, Valencia Basket-Hozono Global Jairis kanporaketako irabazlearen aurka jokatuko luke finalerdietan, martxoaren 22an (zapatua) 14:30ean.
Martxoaren 21ean (barikua), 18:30ean, Perfumerias Avenidak Estudiantesen aurka lehiatuko du, eta Zaragozak Gran Canaria izango du aurrez aurre, 21:00etan. Horien arteko finalaurrekoa martxoaren 22an (zapatua) izango da, 17:00etan.
Eta, finala, martxoaren 23an (domeka) lehiatuko dute, 16:00etatik aurrera.
Lucas Fernandez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak esan du kopan egotea lortu dutelako “pozik eta ilusioz beteta” daudela: “Europako lehen mailako taldeek parte hartzen duten txapelketa da, eta ederra da bertan egoteko aukera izatea. Naturaltasunez hartzen dugu, baina pozgarria da”.
Hain zuzen ere, multzo buru diren taldeen maila eta kalitatea nabarmendu ditu, baina esan du oraindik “denbora asko” dutela kopa prestatzeko eta horri aurre egiteko: “Multzo buru diren taldeak maila oso oneko jokalariak dituzte, eta Girona horietako bat da. Baina orain ilusio hori alde batera utzi behar dugu eta aste honetako Cadi la Seuren aurkako norgehiagoka prestatu behar dugu”. Zapatuan (urtarrilak 18) 18:30ean lehiatuko dute aurrez aurreko hori Malosten.
Marta Alberdi Lointekeko jokalaria “pozik” geratu da zozketak ekarritakoagaz, 10. jardunaldian Malosten jokatutako jardunaldian aurre egin ziotelako Kataluniako taldeari, nahiz eta azkenean bederatzi puntugatik galdu egin zuten: 76-85. Gainera, duela bi urte kopan irabazi egin zioten Gironari, final-laurdenetan. “Badakigu lehen itzulian guk aurrean eduki genuen taldea eta bi hilabete barru kopan ariko dena ez dela berdina izango, baina pozik gaude, euren aurkako partiduan aurre egin genielako”, azaldu du. Gainera, kopa beste txapelketa bat dela, eta partidu bakarrera edozer gerta daitekeela dio eskolta gernikarra-lumotarrak.
Gainera, eguenean partidua izatea gustuko du Alberdik, horrek barikuan deskantsatzeko aukera eta hurrengo partidua ondo prestatzekoa eskaintzen dielako. Hala ere, badaki Marea morea bertaratzea zailagoa dela eguenean jokatuta: “Lan eguna da, eta zailagoa da eurak bertaratzea. Hala ere, badakigu asko mugitzen direla, eta laguntzeko prest daudela. Bultzada horrekin joango gara koparen bila”.