2.000 euroko Soldatatzarra banatu du ONCEk Gernika-Lumon
Soldatatzarraren saria zapatuko bigarren mailako zozketari zegokion, eta, beraz, saridunak 240.000 euro poltsikoratu ditu.
Gernika-Lumon geratu zen ONCEk zapatuan (urtarrilak 11) banatu zuen Soldatatzarra: hamar urtez hilean 2.000 euroko soldata jaso duen kupoia udalerrian saldu zuen Conchi Matos saltzaileak, Picasso kalean dagoen saltokian.
ONCEk jakinarazi du saltzaileak banatu zuen Soldatatzarraren saria zapatuko bigarren mailako zozketari zegokiola, eta, beraz, saridunak 240.000 euro poltsikoratu dituela.
Pozik dagoela adierazi zuen Matosek atzo (urtarrilak 13), Gernikan Soldatatzarra banatzen duen bigarren aldia dela esanda; izan ere, lehenago, 25 urtetan hilean 3.000 euroko saria ematen zuen zenbakia ere saldu zuen. “Honekin dirua banatzen dudan laugarren aldia da. Ze, aipatutako soldata horiez gain, 35.000 euroko lehen saria ere bi aldiz eman dut”, gehitu zuen. Horrez gain, atzoko lehen orduan beste bizilagun bat hurbildu zitzaion, bere kupoiak ere 400 euroko saria jaso zuela esanez.
ONCEren kupoi horiek erakundearen loteria “sozial, seguru, arduratsu eta solidarioko produktuen” parte direla dio Espainiako Itsuen Erakundeak, produktu horiek diseinatzen direnetik merkaturatzen diren arte kontrolik gabeko kontsumoa neutralizatzeko kontrolak ezartzen dituztelako. Hala, diotenez, berariaz debekatzen dute adingabeei saltzea edo kreditu bidez kontsumitzea: “Erakundeak erantzukizuna du herritarrekin, eta joko arduratsuaren politika sustatzen du, Loterien Munduko Elkarteak eta Loterien Europako Elkarteak definitutako ebaluazio eta jarraipen sistema zorrotzenekin.