Sare: "Behin betiko konponbidearen, justiziazko bakearen eta elkarbizitzaren unea da"
Euskal presoak justizia arruntaren bidetik etxeratzeko garaia dela aldarrikatu zuten milaka lagunek Bilbon, Sarek deitutako manifestazioan. Euskal presoen kontrako salbuespen neurriak indargabetu daitezela eskatu zuten.
Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko Sarek zapaturako (urtarrilak 11) deitutako mobiliziaziora batu ziren milaka herritarrek Bilboko kaleak “ilusioz eta esperantzaz” bete zituzten, beste urte batez. Bilbon batutako guztiek argi adierazi zuten presoen egoera konpondu ezean ez dagoela normaltasunik. Hala, elkarbizitzaren garaia dela aldarrikatu zuten: “Behin betiko konponbidearen, justiziazko bakearen eta elkarbizitzaren unea da”.
Izan ere, esan zuten konponbidea dela elkarbizitzaren oinarria, justiziazko bakera hurbiltzeko bide “bakarra”. “Gure aldarrikapena babesten dute Bilboko kaleak bete dituzten milaka pertsonaren adorezko oihuek, ez baitute utziko beren izenean eskubideak urratzen eta konfrontazioa eta krispazioa areagotzen segitzea. Denon artean lortuko dugu presoen eskubideak urratzen dituzten politikak baliogabetzea. Denon artean ekarriko ditugu etxera, erbesteratuekin eta deportatuekin batera”, argudiatu zuten Sarekoek zapatuan.
Salbuespen batzuk indarrean dirautela gogoratu zuten mobilizazioan: “Duela 20 urte baino gehiago, euskal gizarteak egun bizi duenaz guztiz bestelako garaietan onartu ziren legeek eragiten dituzte egungo salbuespen neurriak; eta horiek espetxeetako gestioan egunero aplikatzen dira”. Gainera, gradu progesioei, espetxe baimenei eta zigorrak betetzeko beste eredu batzuei dagokienez, motibazio politikoko presoei aplikatzen zaien tratamendua “diskriminatzailea” dela esan zuten, beste preso batzuek jasotzen dutenarekin alderatuta.
Hala, zapatuko mobilizazioan ez zituzten presoentzako pribilegioak eskatu, espetxe politika arruntaren aplikazioa baizik, salbuespenik barik, diskriminaziorik barik, abagune politikoen menpe egon barik: “Gainerako presoei ezartzen zaizkien tratu eta irizpide berberak eskatzen ditugu: eskatzen dugu ez dautezela geldiarazi hirugarren gradurako progresioak eta espetxe baimenak, ez eta zigorrak kartzelarik kanpo betetzeko beste edozein eredu ere”. Ezarritako zigorrek ezin dituztela presoen eskubideak ezabatu argi utzi zuten, ezin dietela askatasunerako eskubidea galarazi adieraziz. “Irmo adierazi behar udgu euskal presoek, 2011z geroztik, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko urrats gehiago egin dituztela Espainiako eskuin politiko eta judizialak baino”, esan zuten. Eta, gaineratu zuten espetxe zuzenbidearen eta zigor zuzenbidearen helburua ez dela arimaren konbertsioa, “elkarbizitza bermatzea” baizik. “Beraz, ez exijitu preso horiei kartzelan dagoen beste edozein presori lege arruntak exijitzen ez dion ezer. Eta lor dezagun behingoz kartzelako ateak irekitzea, etxera itzultzeko aukera izan dezaten. Espetxe politika arruntak horretarako aukera ematen du”.
Ondorioz, berriz gogoratu zuten ETA ez dela jada existitzen eta hormak hormak hautsi eta korapiloak askatzeko garaia dela: “Bakearen garaia da, indarkeriarik ez izatea baino askoz gehiago den bakearen garaia. Eskubideak ekartzen dituen bakearen garaia: herri honetan gertatu dena ez ahazteko eskubidea, baina, horrekin batera, elkarbizitza denon artean eraikitzeko eskubidea ere. Gorrotorik ez, mendekurik ez. Are gutxiago gorroto hori biktimen minetik etekin politikoa lortu nahi dutenengandik etortzen bada”.
Elkarbizitza, autokritika kolektibotik.
Justiziazko bakearen garaia dela oinarri hartuta, Euskal Herrian gertatutako eskubide urraketa guztiei buruzko memoria kolektiboa eraikitzeko “nahitaezkoa” dela autokritika kolektiboa egitea esan zuten: “Ezin daiteke autokritika eskatu bakarrik euskal presoei, giza eskubideak urratu dituzten guztiek ere gauza bera egiten ez badute. Nahitaezkoa da kontuan hartzea baita ere estatuko terrorismoak eragin dituen hilketak, torturak eta agintearen gehiegikeriak. Indarkeriareik gabeko bakeak ez digu balio baldin eta bake horrek berekin ekartzen baditu bidegabekeriak eta memoriaren ezabaketa”.
Ze, Sarekoen berbetan, bidegabekeria da euskal presoen kontrako salbuespen neurriei eustea; bidegabekeria da salbuespeneko legeak mantentzea, askatasunik barik 40 urteko zigorra osorik betetzea behartzea; bidegabekeria da gradu progresioak eta zigorrak betetzeko beste modu batzuk blokeatzea; bidegabekeria da Guardia Zibilari omenaldiak egitea, “egin dituzten torturen biktimak ahaztuta”; bidegabekeria da, halaber, biktimak politikoki erabiltzea eta “haien mina manipulatzea”.
Saren “oso argi” dute sendotu beharra dagoela indarkeria biktimentzako babesa eta sostengua: “Indarkeria guztien biktimek merezi dute babes hori. Biktimak berdinak dira sufrimenduan, baina ez dira berdinak neurri politiko eta juduzialak hartzeko orduan”.
Hala, aitortza “berdina” exijitu zuten segurtasun indarrek, estatu terrorismoak edota faxistek torturatu eta eraildako milaka pertsonentzat, baita boterearen edo Guardia Zibilaren gehiegikeriak jasan dituztenentzat ere. “Biktima horiek existitzen dira, eta ezkutatu egiten dituzte”.
Bide luzea.
Bide luzea dago egiteko, baina “indartsu” daude Sarekoak, sinisten dutelako biktima guztientzako justiziazko konponbide batek bakarrik hurbilduko duela gizartea bakera: “Aurrera goaz. Etapak betetzen goaz. Dudarik gabe nahi genukeen baino motelago, baina ongi goaz: aspaldi utzi genituen atzean urruntze politikak eta haiek eragiten zituzten eskubide urraketak; bakartze ziegak; lehen graduan mantentzea zigorrak bete arte; eta berriki, gainera, garaipen bat lortu dugu blokeoari eta krispazioari eusten tematzen direnen kontra: bukatu da betetako zigorrak aintzat ez hartzea. Bukatu da presoek jasan behar izan duten zentzugabekeria juridiko nagusietako bat”.
Aurrera joan arren, oraindik ibili egin behar da, oztopo guztiei aurre egin behar zaie, eta hori batasunetik eta zuzenbidearen eta giza eskubideen aldeko konpromisotik egin behar dela diote Sarekoek: “Behin betiko. Preso horiek justizia arruntaren bidetik etxera itzultzeko garaia da. Iraganeko belaunaldiei zor diegu. Baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei utzi behar diegu guk geure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izango den gizarte bat”.
Atzo (urtarrilak 12), Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek manifestazioaren balorazioan esker oneko hitzak izan zituzten, eta mobilizazioan esan legez, bi helburu nagusi daudela esan zuten: batetik, biktima guztiak errespetatzea eta alderdi politikoek ez erabiltzea hori interes propiorako; bestetik, ezinbestekotzat jo zuten euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia amaitzea. “Badaude modu arinago batzuk ere espetxe zigor horiek betetzeko, eta hori azpimarratuko dugu hemendik aurrera”.
Sarekoek nahi dute “benetako bakerako urtea” izatea aurtengoa, eta horren alde egiteko eskatu diete askotariko alderdi, eragile eta taldeei.