Nabarniz Jatetxea eta Angel Txertudi, txapeldun
Nabarnizen lehiatu dituzte Bizkaiko Txapelketaren finalak, hala maila nagusian, nola zaldi kinttopekoan.
Argazkia: Iluntzar Jai Batzordea.Iluntzar Jai Batzordea. Joan den asteburuan, Nabarnizko udal pilotalekuko probatokia goi mailako zaldi proben epizentro bihurtu da. Zapatu-domekan, Bizkaiko Txapelketaren final handiak lehiatu dituzte bertan, kinttopeko mailan eta kategoria nagusian. Zapatuan [urtarrilaki 11], zaldi kinttopekoen txanda izan zen, 18:00retan hasita Angel Txertudi, Ibekohondo eta etxeko parte hartzaile Nabarniz Jatetxea ordezkatu behar zuen Koba zeuden izena emanda; azkenean, baina, Koba ez zen lehiara aurkeztu eta bere ordez, txapelketatik kanpo izan arren, Gaztañei aurkeztu zen.
Lehia gogor eta ikusgarriaren ondoren, Angel Txertudi izan zen sendoena; Asier Alegriak eta Xabat Egiak osaturiko taldeak 64 untze lortu zituen. Ibekohondorentzat izan zen bigarren postua, 45 untzegaz; Gaztañeik, berriz, 63 untze 1/2, lau metro eta 75 zentimetroko erregistroa sinatu zuen, baina, esan bezala, lehiaz kanpo aritu zen.

Argazkia: Iluntzar Jai Batzordea.Iluntzar Jai Batzordea.
Domekan [urtarrilak 12], ostera, kategoria nagusiko zaldi proben txanda izan zen. Bigarren lehiaketa hartan, bezperan ez bezala, Nabarniz Jatetxea aurkeztu zen; aurkeztu ez ezik, garaipenerako hautagai nagusiak ez zien gainontzekoei inongo aukerarik utzi. Izan ere, Joselu Idoeta eta Jabier Elordui karreteroek 52 untze lortuta eskuratu zuten Bizkaiko Txapelketa; bigarren sailkatu Enkarterri Turf Power taldeak 47 untze lortu zituen; hirugarrenak, Garciak, 37 untze.
Sari banaketa ekitaldian, Bizkaiko Herri Kirol Joko Federazioko lehendakari Juan Miguel Ranerok eta Nabarnizko alkate Jose Antonio Marurik jantzi zizkieten txapelak garaileei, eta mantak banatu.