Leire Sanchezek irabazi du abenduko Ezetz Jakin saria
Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatutako Ezetz Jakin lehiaketaren abenduko saria Leire Sanchezek irabazi du. Parte hartzaileen saria, berriz, Crescen Nogalesentzako izan da.
Leire Sanchez izan da 2024/25 ikasturteko Ezetz Jakin lehiaketaren bigarren sariaren irabazlea, eta Berbalagunetik azaldu dutenez, Junira Jatetxearen eskutik jaso du irabazleak abenduko saria; bi lagunentzat otordu bat Juniran. Beste alde batetik, parte hartzaile guztien artean zozketatzen den saria Crescen Nogalesek jaso du; 20 euroko bonoa izango du herriko establezimenduetan gastatzeko.
“Oso pozik” agertu dira beste behin Gernika-Lumoko Berbalaguneko kideak abenduko lehiaketan izandako parte hartzearekin. Izan ere, antolatzaileek jakitera eman dutenez, “77 erantzun” jaso izan dituzte azken hilabetean, eta hori, euskararentzat oso baikorra da: “Zifra ona dela uste dugu”. Kalean euskara sustatzea du helburu lehiaketak, ikasturte berriaren aurkezpenean adierazi zuten bezala, eta azaroko joera baikorra mantendu egin da abenduan ere foru herrian.
Horrela jarraitzea espero dute Gernika-Lumoko Berbalagunek. Hori aintzat hartuz, urtarrileko lehiaketa ere dagoeneko martxan dagoela gogoratu dute: “Hilabete amaierara arte egongo da epea urtarrileko lehiaketan parte hartzeko”. Gaiekiko, “betiko gaiak” jorratuko direla nabarmendu dute. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko ezaugarri zein berezitasunen inguruko hamabost galdera zuzen erantzun beharko dira Ezetz Jakin lehiaketako 2024/25 ikasturteko hirugarren saria lortzeko. Aurreratu dutenez, urtarrileko irabazleak Ai Ene Jatetxean bi lagunentzako otordu bat lortuko du, eta beraz, herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Gernika-Lumoko Berbalaguneko kideek. Horrez gain, indartzeko kanpainiarako izen-ematea zabalik dagoela nabarmendu dute Berbalagunek.