Errekazarra kalean hainbat jarduera egiten ari dira
Herriaren irisgarritasuna hobetzeko eta hiri-espazioa modernizatzeko helburupean hasi dira Gernika-Lumoko Errekazarra kaleko lanekin.
Gernika-Lumoko Udalak aditzera eman duenez, hainbat jarduera egiten ari dira Errekazarra kalean, batik bat, irisgarritasuna hobetzeko eta hiri-espazioa modernizatzeko helburupean. Esku-hartze nagusietako bat, 20 metroko espaloi zati bat zabaltzea da; hemendik aurrera 2,70 metroko zabalera izango du. Obra horren jomuga bidea egokitzea eta oinezkoei erosotasun handiagoa eskaintzea da, joan-etorri etengabea dagoen eremu batean.
Halaber, Kalekotxu eta Errekazarra kaleen arteko oinezkoen pasabidea aldatu dute, herirtarren segurtasuna hobetzeko asmoz. Jarduketa, ordea, ez da hor bukatzen. Izan ere, hilabete honetan zehar zati hori asfaltatzea aurreikusten dutela jakinarazi dute. Horrela, oinezkoen pasabidea gaineko pasabide bihurtuz, haren funtzionaltasuna indartuz eta ingurunearekiko integrazio handiagoa bermatuz. Espaloia zabaltzeko aurrekontua 30.000 eurokoa da, udal gobernuaren hitzetan, eta lan guztiak otsailerako amaituta egongo direla nabarmendu dute. Ekintza eta lan horien bidez, udalak espazio publikoak hobetzeko bidean aurrera jarraitzen du, eta bizilagunentzako ingurune seguruago eta erosoago baten aldeko apustuari eusten dio, etengabe.