11 sustrai, eraldaketa loratzea bilatzeko
Lurralde, kolektibo eta ekimenen arteko artikulazioa, intzidentzia eta bizitzaren aldeko hezkuntza komunitarioa sustatzea da Gernikatik Mundurak 11 Sustrai izeneko proiektuagaz lortu gura duena, gizartean eraldaketa bat bultzatzeko asmoz.
Kontzientzia kritikoa sortzea, hainbat arazoren inguruan jakin-mina eragitea eta komunitatea mobilizatzea bilatzen ditu Gernikatik Mundura erakundeak martxan jarritako 11 Sustrai proiektu berriak. Lurralde, kolektibo eta ekimenen arteko artikulazioa, intzidentzia eta bizitzaren aldeko hezkuntza komunitarioa sustatzea da proiektuaren asmoa, gizartean eraldaketa bat bultzatzeko asmoz.
Horretarako, gazteen gizarte inplikazioa sendotuko duten ezagutzak eta motibazioak partekatzeko espazioak sortu gura dituzte elkartekoek, erakunde zibilek zein gizarte mugimenduek duten garrantzia balioan jarriz, “pertsonen eta natura ingurumenaren zainketa helburu”. Hala, Busturialdera bideratutako hezkuntza komunitarioari buruzko proiektu bat da 11 Sustrai, gizarte mugimendu antolatuek lantzen dituzten gai eta ekimenak eskualdeko gazteei hurbiltzea proposatzen duena.
Prozesu horretan, hainbat jarduera aurreikusi eta landuko dituzte; besteak beste, ekologia, genero ikuspegia, giza deskubideak, sexu aniztasuna, ikuspegi intersektzionala, bakearen kultura eta nazioarteko gatazkak. Hala, informazioa emateaz gain, parte hartzaileak ahaldundu gura dituzte komunitateen aldaketa eragile bihurtu ahal izateko. “Urdaibain, mugimendu sozialen balioa eskoletara eroateko helburuz sortzen da proiektua. Gertatzen ari denari buruzko jakin-mina piztu nahi dugu gazteen artean, horiek euren inguruan gertatzen ari direnaz ohartarazteko. Proiektuak nola aurrera ateratzen diren ezagutzeko bidea ere bada, izan ere, ikuspegi anitzetik landuko dute hori guztia”, azaldu du elkarteko kide den Elia Malaxetxebarriak.
Horrez gain, gazteen inplikazioa bultzatzea ere bada helburua: “Ze, proiektu honen bitartez, hainbat mugimenduren berri izango dute, eta eurek identifikatuta sentitzen diren horretan parte hartzeko aukera eman gura zaie”.
Kolektiboen eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzeko ideia hau aurretiazko prozesu luze baten emaitza dela diote; izan ere, proiektu hau Gatazkan dauden Lurraldeak eta Gereizpetik 11 Izpi bezalako aurrekarietan oinarritzen da, garapen eredu neoliberal, patriarkal eta kolonialek lurraldean duten eragina identifikatu eta aztertu zutenak. “Gatazka egoeran zeuden lurraldeak proiektuarekin zein arazo zeuden aztertu, alternatibak zeintzuk izan zitezkeen ikusi eta gizarte modura horiei aurre egiteko zein gaitasun ditugun ikertu genuen”, azaldu dute elkarteko kideek. Prozesu horretan zebiltzala, baina, ohartu ziren, bazeudela entzuten ez ziren ahots batzuk, kolektibo jakin batzuetakoak, gainera. Hala, parte hartze prozesuetan jasotzen ez diren gereizpetako herritarren bizimoduak eta errealitateak erdigunean jarri zituzten Gereizpetatik 11 Izpi proiektuagaz: “Bereziki zapalkuntza intersekzionalen ondorioz beren parte hartzean mugatua duten kolektibitateak barne hartzeari ekin zion proiektuak. Hainbat kolektibotako kideekin topaketak egin genituen: etxe garbitzaileekin, emakume etorkinekin, emakume nekazariekin, gazteekin… eta hortik material pedagogiko bat sortu genuen”.
Lurraldeak eraldatu eta egungo errealitatea gure nahiekin hobeto lotzea bilatzen dugu proiektuagaz
Hala, eskoletan jarri zuten begirada, horietan ere lanketa sakona egin zitekeela iritzita. “Lehen esperientzia horietatik ikasiz, lurraldeak eraldatu eta egungo errealitatea gure nahiekin hobeto lotzea bilatzen dugu orain, eta zalantzarik gabe, horretarako hezkuntza-komunitarioa funtsezkoa da”, azaldu dute Gernikatik Mundurako kideek. Izan ere, lanketa horretan zeudela, hezkuntza legeak Komunitate Proiektuak izeneko irakasgaia lantzea proposatu zuen. Eta bi alderdiak batzeari ekin zioten Gernikatik Mundurakoek: “Gernikatik Mundurak bilatzen duena hezkuntza-komunitatea gizarte mugimenduekin elkartzea, espazio bat sortzea eta belaunaldi-aldaketak eman daitezen, gazteen inplikazioa areagotu dadin, edota baliagarri izan daitezkeen topaguneak sor daitezen”.
Artikulazio kolektiboa.
Hala, Urdaibairen kasuan, eskualdeko ikastetxeei Proiektuak Komunitateari ikasgai berria lantzeko alternatiba bat eskaintzea da Gernikatik Mundurakoen xede nagusia, eta hori eskualdeko eragileekin batera egitea. Hala, Barrutialde BHI Institutuaren eta hainbat kolektiboren arteko lankidetza zuzena bermatu gura dute, ekologia, feminismoa, LGTBIQ+ aniztasuna, bakearen kultura, memoria historikoa eta kulturartekotasuna bezalako gaiak jorratzeko, “Busturialdean lur hartutako esperientzietatik abiatuta”.
Aurten, proba pilotu bat egitea dute asmo, eskualdeko eragile eta taldeak ikasleekin kontaktuan jarriz: “Lehenengo hilabeteetan batzuekin eta besteekin harremanetan jartzen ibili gara, bai kolektiboetakoei ekimenean parte hartzera bultzatuz, bai Barrutialdekoekin proiektuaren berri emanez”. Euren asmoa da eragile desberdinak ikastetxera gerturatzea, euren berri emateko gazteei: zein den euren helburua, nola antolatzen diren, zein metodologia duten… “Taldeetako ordezkariak eskolara hurbiltzea bultzatuz, gazteek inguruan dituzten horiei buruzko informazioa jasoko dute, eta gizarte mugimendu desberdinak existitzen direla jabetuko dira”, azaldu dute. Hala ere, parte hartu nahi duten eragileei ere parte hartzeko deia egin diete, proposamenak jasotzeko prest baitaude. “Gure inguruko mapa soziala gazteei transmititzea da gure asmoa, bere aniztasunean”.
Gertatzen ari denari buruzko jakin-mina piztu nahi dugu Busturialdeko gazteen artean
Gero, ikasturte amaieran, tailerretan ikasitakoari buruzko proiektu bat egitea eskatuko diete ikasleei, ideia edo talde bati buruzkoa; dela podcast bat, dela antzerkia, dela aldizkaria. “Ikasleen inplikazioa bilatzen da horrela, eurek ere ekarpenak egitea nahi dugu, gogoetatzea, ideiak hartzea eta loturak sortzea”.
Baina, 11 Sustrai proiektua ez da Busturialdean bakarrik garatzen, jarduerak Urdaibai eta Cajamarca (Kolonbia) ditu langune, gaitasunen indartzea, hausnarketa kritikoa eta artikulazio kolektiboa bideratuz.
Cajamarcan, esaterako, nekazal talde gazte batekin ari dira elkarlanean, ingurugiroaren defentsarako lidergoa eta eskubideen sustapenerako tailerrak egingo dituztenak, “ekofeminismoaren eta gatazken sentsibilitatearen ikuspegitik”. Hala, beste ekintza batzuen artean, Erakundeen Eskualdeko Topaketa bat antolatuko dute han, gizarte prozesuei, monolaborantzaren alternatibei eta ingurumenari kalte egiten dioten jardunbideei buruzko esperientziak elkarbanatzeko.
Izan ere, landa eremu horretan aire zabaleko meatze proiektu baten mehatxua dute. “Bere garaian, Latinoamerikako meategi handienetako bat egin nahi zuten han, tokiko biztanleak, herria, ura, biodibertsitatea… arriskuan jarriz. Kolonbiako nekazaritza despensa da Cajamarca, garrantzi handikoa, eta herritarrek proiektua geldiaraztea lortu zuten, euren artean antolatuz. Eredu izan ziren, antolatuz gero defendatu nahi dena defenda daitekeela erakutsi baitzuten”, azaldu dute. Kasu haretan, ura, janaria, bizitza osasungarria… defendatu zituzten, elikadura subiranotasuna izateko aukera, alegia: “Orduan, Gernikatik Munduratik zaurgarrienak ziren pertsonak lagundu genituen, eurei ahotsa emanez. Eta, ordutik, nekazaritza elkarteei laguntzen ari gara, kimiko gutxiago erabil dezaten bultzatuz eta agroekologia sustatzera gonbidatuz; betiere, jakinda, aldaketa prozesu bat dela”.
Orain, baina, alkatea aldatu dela eta, meategien aldeko mugimendua itzuli da alkatetzara, eta ondorioz, jendea berriro ere antolatzen saiatzen ari dira, “kulturaren eta artearen bidez bakearen, ingurumenaren, kohesio sozialaren, lurraren eta bizitzaren alde egiteko”. Gernikatik Mundurakoek diotenez, “oso garrantzitsua” da jendea babestea eta arriskuan ez jartzea: “Busturialdean legez, 11 Sustrairekin Cajamarcako gazteei laguntzen diegu mugimendu sozial horiek artikulatzen. Ekimen eta pertsonen arteko loturak sortzea eta elkartzea bilatzen dugu”.
Gainera, proiektuaren bi aldeen arteko elkarlan hori aberasteko asmoz, erakundeen eta kolektiboen arteko topaketa bat egitea ere aurreikusi dute, Cajamarcako pertsona baten bisitagaz, lurraldeetako esperientziak partekatzeko eta haien arteko loturei heltzeko. Hori apirilaren amaierarako aurreikusi dute. “Guk haiengatik eta haiek gugandik ikasteko trukea da. Ze, uste dugu gauza asko ikas ditzakegula euren esperientziatik, inspirazio iturri izan daitezkeela”.
Topaketa.
Eta, horrez gain, 2022an Astran egin zen belaunaldien arteko topaketa errepikatuko dute, San Fideleko lehen hezkuntzako ikasleekin. Foruko IMQ egoitzako hirugarren adineko pertsonak eta Astraren inguruko hainbat kolektiboren eskutik elkartrukez beteriko jardunaldi bat ospatzea da asmoa: elkarrizketa, memoria, artea, dantza, asanblada simulazioa, historia eta musika izango dituena. Aurreko aldian, Arkibaik, Lobakek, Gernika Gogoratuzek, Iparragirre Rock Elkarteak, Ross Dantza Taldeak, Artelekuk… parte hartu zuten, eta denak ala denak “gustura” geratu zirenez, berdina egitea aurreikusi dute.
Gure inguruko mapa soziala gazteei transmititzea da gure asmoa, bere aniztasunean
Halaber, ikasturte amaieran, azken topaketa bat egingo dute, kolektibo guztiak batuz. “Helburua da tailerren prozesua nola joan den ondorioztatzea, eta zer hobetu daitekeen zehaztea; baita topagune bat eraikitzea ere”, azaldu dute. Izan ere, eurek proeiktuarekin aurrera jarraitu gura dute, ondorengo ikasturteetan ere komunitatearen garrantzia landuz. Gustatuko litzaieke, gainera, proiektua hezkuntza zentro gehiagotara ere zabaltzea.
Ze, azken finean, lan honen bidez, Urdaibaiko eta Cajamarcako gizarte mugimenduen, pertsona gazteen eta hezkuntza komunitatearen arteko lotura indartu nahi dute, “begirada sakon eta lurraldeen errealitatearen zein eraldatzeko gaitasunarekin lotuz”, sustrai zabalak bota eta elkarrekin loratzeko.