Munduan haurra izatea zer den ezagutzen
Jaioterriaren arabera asko aldatzen dira haurren bizitzak, eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako 'Haurrak munduan' programaren bidez eskualdeko adingabeek umeak planetako beste leku batzuetan nola bizi diren jakin dute. Helburua beste kulturekiko errespetua garatzea eta aukera berdintasuna bermatzeko beharraz sentsibilizatzea izan da.
Ohiturak, kultura eta jolasak aldatu egiten dira lurralde batetik bestera, eta, horrek horrela izan behar ez duen arren, oinarrizko eskubideak eskuratzeko aukerak ere aldatu egiten dira jaioterriaren arabera. Hala, haurren bizitzak ere oso desberdinak dira lurralde batean edo bestean.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako Haurrak munduan programaren bidez, eskualdeko adingabeek umeak munduko beste leku batzuetan zelan bizi diren jakin zuten joan den urtean. Izan ere, herriz herri, hara eta hona ibili ziren ezagutza hori zabaltzen. Programaren helburua zen eskualdeko umeengan beste kulturekiko enpatia eta errespetua garatzea, baita pertsona bakoitza jaiotzen den lekua edozein dela ere denen artean aukera berdintasun handiagoa bermatzeko beharraz sentsibilizatzea ere.
Zentzumenekin bidaiatu zuten horretarako: usainak, zaporeak, koloreak… ezagutu zituzten, eta herrialde batzuetan normalak diren ohituren berri ere izan zuten. Leku guztietako jostailuak egin zituzten, gainera; ze, munduko jolasguneak zelakoak diren aztertu zuten. Eta, horren guzti horren ostean, haurren eskubideetan sakondu zuten.
Izan ere, dagoeneko, kultur aniztasuna eguneroko errealitatea da eskualdeko herri guztietan. 84 herrialde ezberdinetako auzokideak daude errotuta, Busturialdeko biztanleriaren %11; kopururik handiena Gernika-Lumon dago, biztanleriaren %14,6 baitira kanpotik etorritakoak. Egoera horren aurrean, eta bizikidetza sustatzeko asmoz, 2009tik garatzen den eta kultur arteko sentsibilizazioa oinarri duen programa abiarazi zuen, beste urte batez, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako programa hau eskualdeko ludoteketan egin dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren diru laguntza baten bidez antolatu dute.
Hiru ardatzeko proeiktua da: kulturartekotasuna, giza eskubideak eta bizikidetza. Kulturartekotasuna “funtsezkoa” da gizarte inklusiboak eraikitzeko. Izan ere, kultura desberdintasunak balioestea eta jatorri desberdineko pertsonen arteko enpatia eta errespetua sustatzea da bilatu duena, bai janariarekin, bai ohiturekin, bai kultura objektuekin. Ze, horiek guztiek, estereotipoak eta aurreiritziak eraisten laguntzen dutela uste dute, “aniztasuna hobeto ulertzea eta balioestea sustatuz”.
Giza eskubideak unibertsalak direla jakitun, horiek mundu osoan errespetatu behar direla jakinarazi zieten gazteei, “giza eskubideetan oinarritutako ardatz bat txertatzean proiektuak berdintasunaren, justiziaren eta giza duintasunaren garrantziari buruz hezten dituela gazteak sinetsita”.
Horrez gain, edozein komunitatetan bizikidetza “baketsua eta harmoniatsua funtsezkoa” dela erakutsi dute: “Proiektu honek lankidetza eta pertsonen arteko harreman positiboak erakitzea du helburu. Diseinatutako jarduerek lankidetza eta koexistentzia sustatzen dituzte, parte hartzaileak elkarregaz lan egitera eta kultura aniztasunak ematen duen aberastasuna balioestera animatuz”.
Sentsibilizazioa
Guzti hori kontutan hartuta, programak kultura aniztasunaren inguruan sentsibilizatu ditu parte hartzaileak, beste kulturekiko errespetu, irekitasun eta estimu jarrera sustatuz. Izan ere, ideia, kultura eta jatorri ezberdinetako pertsonek osatzen duten berdintasunezko jarrerak bultzatzea bilatu dute, aniztasun kulturala elementu aberasgarritzat hartuz.
Horrez gain, esperientzia multisentsorialak eskaini dituzte, parte hartzaileek dastamenaren, usaimenaren, entzumenaren, ukimenaren eta ikusmenaren bidez alderdi kulturalekin konta dezaten, “sormena eta adierazpen artistikoa sustatuz”. Kulturen arteko elkarrekintza eta komunikazioa erraztea ere bazen euren asmoa.
Jolasak, literatura, artea eta kirola kultura aniztasuna aztertzeko tresna gisa erabiltzea bultzatu dute, gatazken kudeaketarako lankidetza eta talde lana landuz. Pertsona guztien oinarrizko eskubideekiko enpatia eta errespetua sustatuz giza eskubideen eta horien garrantziaren inguruan kontzientzia piztea ere bazen mankomunitatekoen nahia. Halaber, hizkuntzekiko eta hizkuntza aniztasunarekiko interesa piztea bilatu dute, hitzek eta hizkuntzek kultura desberdinetako pertsonak nola batu ditzaketen ulertzeko.
Hori guztia denetariko ikaskuntza prozesuen bidez egin dute: ipuinak, istorioak, olerkiak eta elezaharrak haurren ikaskuntzarako tresna balioezinak direla aprobetxatuta. Kontakizunak kontzeptuak, balioak eta trebetasunak irakasteko modu eraginkorrak izan dira, eta horiekin lan egin dute arduradunek, munduaren abenturan aurkikuntza berrien berri emateko.