Gernika eta Lumoko mugen urteroko berrespen ibilaldia
Gernikazarra Historia Taldeak antolatuta, Gernika eta Lumoko mugetatik ibilaldia egingo dute datorren domekan [urtarrilak 12].
Urteroko usadioari jarraituz, datorren asteburuan Gernika eta Lumoko muga geografikoak zeharkatuko dituzte mendi ibiltariek. Gernikazarra Historia Taldeak antolatuta, Gernikako eta Lumoko mugetan barrena ibilaldia egingo dute datorren domekan [urtarrilak 12], herri horien bat egitearen 143. urtemuga gogoratze aldera. Hain zuzen ere, 1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren egun Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten herri biak; anexio hori omentzea eta ezagutaraztea bilatu ohi du urtero-urtero egin ohi duten ibilbideak. Antolatzaileek gernika-lumotarrei nahiz interesdunei bertaratzeko deialdia luzatu diote.
09:00ak puntu-puntuan ekingo diote martxalariek beren bideari, udaletxeko kanpaiak ordu hori erakutsi bezain pronto. Gernikak eta Lumok Errigoitigaz, Muxikagaz, Foruagaz edota Ajangizegaz bat egiten duten eremuetan barrena ibiliko dira martxalariak. Gernikazarrako lantaldeak, gainera, zenbait geldialdi egingo ditu han-hemen, tokian tokiko mugarri zein monumentuetan beharrezko azalpenak emango dizkiete bertaratzen direnei, aipatutako batasunaren historiaz eta udalerriaren jatorriaz jabetu daitezen. Lumo, Errigoiti eta Muxika bereizten dituen mugarrian egingo dute geldiune horietako bat, esate baterako. Ez hori bakarrik: hala Gernikako, nola Lumoko antzinako kale nagusiak izandakoetatik ere pasatuko dira martxalariak, eta Lumoko udaletxea hartu zuen lur orubea ere bisitatuko dute.
Zertzelada historikoak.
1366a bitartean, Gernika Lumoren jabetzapeko auzoa baino ez zen izan. Urte horretan, baina, On Tello kondeak dekretu bidez hiribildu izateko eskumena eman zion; orduantxe bereizi zen Lumorengandik. Era berean, Gernikak ordura arte ez zuen pribilegio sorta jaso zuen, batik bat, lursailak eta bertako bizilagunak zirenentzako eskubideak. Banaketa haren harira ernaldu zen unitate bien arteko gatazka: lumotarrek ez zuten begi onez ikusi On Telloren erabakia. Liskar haiek beren oihartzuna eduki zuten, XIX. mendera arte.
Eredu ekonomikoak industrializazioranzko joera hartzeagaz batera, sektore hark Gernikan indarra hartu zuen; Lumok, ostera, lur zabalak zituen. Horrenbestez, orduko gernikar jauntxoek, ostera ere dekretu bidez, herri bien arteko batasuna lortu zuten. Orduz geroztik, Gernika eta Lumoko herriak Gernika-Lumo udalerri izaera barnebilduagaz bizi dira.