Ez dira isilduko
Iragan barikuan jakinarazitako Barakaldoko erailketa salatzeko elkarretaratzea egin dute Gernika-Lumon. "Antolatzen eta elkar saretzen" jarraituko dutela aldarrikatuz, "erantzuteko prest" daudela argi esan zuten.
“Urtea gordin hasi dugu”. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, astelehenean [urtarrilak 6] espetxeratu zuten barikuan Barakaldon [urtarrilak 3] ustez ama hil zuen 63 urteko gizona. Horren aurrean kalera irten ziren atzo, Gernika-Lumon. Sare Mugimendu Feministatik, biktimaren senide, lagun eta gertukoei babes eta elkartasun osoa adieraziz hasi zuten elkarretaratzea. “Ez zaudete bakarrik”, aldarrikatu zuten.
Jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago da hau, eta horrela adierazi zuten atzo, gerturatutakoek: “Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu; indarkeria matxista da emakumeen diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko, gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez”.
“Errealitate gordin honi” aurre egiteko urgentziazko mekanismoen beharra nabarmendu zuten, oro har, atzo. “Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeen aurkako erasoek ez dute etenik. 2024a Euskal Herrian sei erailketa matxistarekin bukatu genuen, eta urte berria bide beretik hasi dugu”, gaineratu zuten, beraien nazka, nekea eta haserrea erakustearekin batera. Egunez egungo jarrera konplizeak alboratu eta jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko “benetako neurriak” exijitu zituzten: “Neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu”.
Ez dira isilduko, eta hori argi erakutsi zuten atzo, beste behin; indarkeria matxista kasuetan “erantzuteko prest” agertu ziren, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dutela goraipatu zuten.