Unatz Loza Villarragutek Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduzko domina jasoko du
Bermeoko eraikin bateko sutean bere ama eta arrebaren bizia salbatzen laguntzeagatik emango dio Eusko Jaurlaritzak Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduzko bereizgarri berdea 15 urteko bermeotarrari.
Eusko Jaurlaritzak 2024an babes zibilaren arloan “merezimenduzko ekintzak” edo lan solidarioa egin zuten pertsonei aitorpenak argitaratu ditu, eta sarituen artean dago Unatz Loza Villarragut, Bermeoko eraikin bateko sutean bere amaren eta 14 hilabeteko arrebaren bizia salbatzen lagundu zuen 15 urteko gaztea. Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduzko bereizgarri berdea emango dio Jaurlaritzak Lozari.
38 domina banatuko ditu guztira Jaurlaritzak; bereizgarri gorriko bat, eta bereizgarri berdeko 37. Bereizgarri berdeko dominak larrialdi batean pertsonak eta ondasunak babesten edota larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzen duten eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten herritarrek egindako ekintzak saritzen ditu. Bereizgarri gorriak, berriz, pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen larrialdi batean “aparteko ausardia gizatasuna edo gizarte-elkartasuna” erakutsi duten ekintzak saritzen ditu.