Gernika-Lumoko Udalak 110.000 euro inbertituko ditu herriko zenbait kale berritu eta seinaleztatzeko
Tokiko bideen segurtasuna bermatzeko 5.700 metro koadro baino gehiago zolatu eta seinaleztatuko ditu Gernika-Lumoko Udalak, lau asteko epean. Lanokin hiri azpiegitura indartu nahi du.
Gernika-Lumoko Udala udalerriko hainbat kaletan “garrantzi handiko” jarduketak egiten hasiko da hilabete honetan, tokiko bide sarearen egoera berritzeko eta hotzeko asmoz. Horretarako, 110.000 euroko inbertsioa egingo du, izan ere, 5.700 metro koadro baino gehiago zolatu eta seinaleztatuko ditu, lau asteko epean.
Hain zuzen ere, hurrengo kaleetan jardungo dute: Alondiga kaleko 296 metro koadroko tartea egokituko dute, Zearreta aparkalekuan, aldiz, 396 metro koadrokoa, eta Errekazarra kalean, 1.404 metro koadrokoa; Carlos Gangoitin 1.286 metro koadroko azaleran jardungo dute, Miguel de Unamunon 421 metro koadrotan, eta Kalekotxu kalean eta San Pedro bidean, aldiz, 320 eta 397 metro koadrotan, hurrenez hurren. Horietan, freskatzeko, saneatzeko eta zolatzeko lanak egingo dituztela aurreratu dute udal arduradunek.
Prozesua adierazitako galtzadak bost zentimetroko loderarekin fresatuz hasiko da, hondatutako materiala kenduko baitute horietatik, eta hori baimendutako zabortegi batera eroango dute. Gero, bidearen egoeraren zuinketa egingo dute, horren egoera aztertu eta euri urak husteko beharrezko neurri egokiak hartuz; gainera, esan dute, behar den eremuetan unean uneko saneamendu lanak egingo dituztela, azterketak hala adieraziz gero.
Aurretiazko lanak amaitu eta gero, bost zentrimetroko asfalto beroko geruza batekin estaliko dituzte fresatutako eta saneatutako kaleak; eta, asfaltoa lurrari ondo atxikitzen zaiola ziurtatzeko, emultsio bituminosoko geruza aplikatuko da. Asfaltoa behar bezala trinkotu ondoren, bide seinaleztapenak margotuko dituzte, eta, horrekin, udalerriko kaleen hobekuntza “osoa osatuta” geratuko dela diote udal arduradunek.
Esku hartzen hauen bidez, udalak udalerriko “funtsezko” zenbait arterietako zoladura berritzeaz gain, hiri azpiegitura indartu nahi du, mugikortasuna errazteko eta ibilgailuen zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Izan ere, diotenez, bideak etengabe hobetzeko beharrari erantzuten diote lanok, eta “herritarren onerako ahalik eta egoera onenean” daudela ziurtatzen da: “Esku hartze honek nabarmentzen du udala etengabe dagoela kezkatuta galtzadak behar bezalako egoeran egon daitezen, ibilgailuak behar bezala mantendu behar direlako, herritarren segurtasunerako eta tokiko ibilgailuen joan-etorriaren funtzionamendu egokirako duten garrantziaz jabetuta”.