Gernika Memoriaren Lekukok udaletxean ikurrina "ofizialki" lehen aldiz jarri zuten eguna gogoratzeko deia egin du
Urtarrilaren 17an duela 88 urte "ofizialki" lehen aldiz altxatu zuten ikurrina Gernika-Lumoko Udalean. Egun horri "merezi duen aitortza" egiteko deia luzatu du Gernika Memoriaren Lekukok.
1937ko urtarrilaren 17an ikurrina altxatu zuten, lehen aldiz, Gernika-Lumoko udaletxean; aurten, beraz, 88 urte bete dira efemeridetik. Jose Labauriak bultzatu zuen ekimena, garai aztoratu batean, eta, handik gutxira, otsailaren 13an, alkate izendatu zuten, bera izanez, bonbardaketaren egunean ere, herriko ordezkaria. Gernika Memoriaren Lekukok egun “esanguratsu bezain garrantzitsu” horrek azpimarra berezia behar duela uste du, eta egun horrek izan beharko lukeen garrantzia sustatzeko deia egin die udal taldeei.
“Gure herriaren ikurra da ikurrina, euskal herritarron sinboloa, herritarrak ordezkatzen duen eraikinean zegokion eta dagokion lekuan zegoelako eta dagoelako”, azpimarratu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek. Hala, gogoratu dute luzea izan dela ikurriñak izan duen jazarpena, eta, bere bitartez, euskal herritarrek sufritutakoa. Gainera, gaur egun udaletxean dauden ikurrei buruzko gogoeta plazaratu dute: “Ezinbesteko eztabaida sustatu beharra dago gaur egun inposaturiko ikurrek udaletxean duten lekuaz. Sinboloek garrantzia dute, zalantzarik barik; eta, bandera arrotzen derrigortasunak demokraziaren kontra joatez gain, existitzen diren gehiengo sozialen eskubideak urratzen ditu. Are gehiago herri libre bat izatea desio dugunontzat”.
Hori dela eta, 1937ko urtarrilaren 17ak gernika-lumotarren memorian izan beharko lukeen lekua zabaltzeko lan egingo dutela diote plataformakoek, baita horri buruzko ezagupena sustatzeko ere. Hala, egungo udal taldeei “aktiboak” izateko deia egin diete, “egun horrek dagokion aitortza instituzionala izateko”. Eta, gaineratu dute, eskertzekoa litzatekeela hori aho batez edo modu bateratuan egitea. “Zinez, efemeride honek izan behar duen garrantziaren lekuko, denon artean adosturiko ekimena bultzatzea beharrezkoa dela deritzogu. Gure prestutasuna azaltzen dugu horretarako, eta, udal ordezkariak partaide izatera gonbidatzen ditugu”.