Fenomenoak taldea, Gabon Kopan hirugarren
Santurtzik irabazi du Gabon Kopa, Portugalete finalean menpean hartuta. Fenomenoak hirugarrenak izan dira, baina lehiaren "balorazio oso ona" egin dute.
Fenomenoak saskibaloi taldeak hirugarren postua poltsikoratu zuen herenegun [urtarrilak 4], San Inazio kiroldegian lehiaturiko Gabon Kopan. Emaitza aparta izan zen talde gernika-lumotarreko kideentzat, txapelketa horrek Euskal Herriko kirol egikotuko talderik onenak elkartzen baititu, kirola eta inklusioa uztartuz.
Zortzi talde parte hartzaileak multzo bitan banatuta, ligaxka erara jokatu zuten txapelketa, eta talde bakoitzeko lehen sailkatuek eskuratu zuten finalerako txartela. Gernika-Lumoko taldeak hiru norgehiagoka jokatu zituen, baina azken txanparen atarian geratu zen. Finalean, Santurtzik eta Portugaletek neurtu zituzten indarrak, biak ala biak gernika-lumotarren liga berbereko taldeak; azkenean, santurtziarrak gailendu ziren. Hain zuzen, Portugalete ligako hurrengo jardunaldian aurkeri izango dute Fenomenoek, datorren astean.
Postua gorabehera, “txapelketaz gozatzea” bilatu zuten Fenomenoek: “Ez ginen emaitza jakin baten bila joan, kantxaratzen garen bakoitzean dena ematea bilatzen dugun arren. Geure aurpegirik lehiakorrena erakusteko eta, batez ere, ondo pasatzeko asmoz lehiatu genuen Gabon Kopa”. Hirugarren postuagaz lanak ondo biribilduta, taldeko ordezkariek azaldu dute “emaitza eta esperientzia apartak” jaso dituztela.