Aho batez adostu dute
Gernika-Lumoko Udalak, Sare Gernika-Lumoren adierazpen instituzionala aho batez onartu du, udalbatza osatzen duten hiru alderdien baiezkoa jasota.
Gernika-Lumoko Udalak, udalbatzako hiru alderdien bidez, eta aho batez, Sare Gernika-Lumoren adierazpena onartu du, bakegintzaren eta elkarbizitzaren aldeko urratsak emanez. Kasu honetan, besteak beste, “pribilegiorik bako, baina baita salbuespenik bako espetxe-politika arrunta” eskatzen dute onartutako adierazpenean, diskriminaziorik eta estrategia alderdikoien baldintzarik gabeko espetxe-politika arrunta eskatzen duten bezala. Argi adierazi dute beraien nahia: “Preso guztientzat tratu eta irizpide berberak nahi ditugu”.
Gauzak horrela, Gernika-Lumoko Sarek gogorarazi zuen botere legegilean onartzen diren legeak nahitaez bete beharrekoak direla, eta “atzerapenik barik” egin behar dela. Gainera, lege erreforma zorrotz aplikatzeko eskaera ere luzatu dute Gernika-Lumoko udalak adostutako adierazpenean: “Kondenen betetzea zenbatzeko irizpideak bateratzea jasotzen duen 7/2014 lege erreforma zorrotz aplikatzeko eskatzen dugu”.
Eskubideak urratzen jarraitzeak ez du inoren mina arintzen laguntzen, eta horretan tinko mantentzen dira Saretik, halaber: “Gure gizartean gertatutako indarkeria guztien biktima guztiak errespetatzea, laguntzea eta aitortzea ahalbidetuko duen gutxieneko akordioak lortzeko deia egiten dugu berriro”.
Bestalde, beste proiektu bati ere amaiera emango diotela jakinarazi du Sarek; Biztu Irratian Sare On irratsaioaren 50.irratsaioa egingo dute urtarrilaren 10ean (barikua), eta horrekin, 6 denboraldiei amaiera emango diotela eman dute aditzera.