2.127,95 euro batu dituzte Marijesiek, sarkomen ikerketa sustatzeko
Sarkomen ikerketa sustatzen duen GEIS elkartera bideratu dute aurten Gernika-Lumoko Marijesiek jasotako dirua. GEIS elkartearen izenean Enara Alakanok hartu zuen dirua, eta eskertuta agertu zen.
Sarkomen ikerketa sustatzen duen GEIS elkarteak jaso du aurten Gernika-Lumoko Marijesiek bildutako dirua: 2.127,95 euro. GEIS elkartearen izenean Enara Alakanok hartu zuen dirua Merkurio parean, abenduaren 29an egindako agerraldian, eta diru hori hartzerakoan “pozik eta eskertuta” agertu zen.
Izan ere, gaixotasun horri buruzko ikerketa bultzatzeko helburuz, sarkomak aztertzea helburu duen GEIS elkartearentzako diru bilketa abiatu zuen Alakanok, 16.000 euroko balioa duen bi urteko beka bat hasteko, hain zuzen ere. “Lehendik diru apur bat izan dugu, baina marijesien bultzada honek sekulako mesedea egiten digu, bilduta dugun diru kopurua handitu egin delako”, esan zuen Alakanok.
Ziurtatu zuen dirua ikerkuntzara bideratuko dutela, gaixotasunari aurre egiteko sendagaiak lortu ahal izateko. Izan ere, dioenez, jende askok oraindik ez daki zer den sarkoma: “Sarkomari buruzko ikerketa sustatu behar da, guk ere bizitzeko eskubidea dugulako, eta, horretarako, gure gaixotasunari buruz ikertu behar da. Keinu benetan polita izan da marijesiena”.
Bederatziurrena.
Bederatziurrena egiten dute Gernikako Marijesiek Gabonak aurretik, eta gaueko errondetan kalera ateratzeaz gain, egunez ere kantuan ibiltzen dira abenduaren 24an. Azken egun horretan, goiz eta eguerdi partean, udalerriko kaleetatik ibiltzen dira koplak abesten eta zakuagaz dirua biltzen. Hala, dohaitza egin duten herritar guztiak eskertu gura izan dituzte: “Eskerrak eman behar dizkiegu gernikar guztiei, egindako diru ekarpenagatik”.
Horrez gain, bederatziurrenaren balorazio “guztiz positiboa” egin dute, izan ere, emandako datuen arabera, asko eta asko izan dira errondetan parte hartu duten bizilagunak. “Aurten marijesiak ondo joan dira. Egun guztietan aterri izan dugu, baina azken egunean euria egin zuen. Horregatik, iaz baino diru gutxiago batu dugu oraingoan. Baina, orokorrean, marijesiak ondo joan dira, denok gaude pozik”. Hala, leihoa atera diren gernikarrak eskertu dituzte, kale ilunetatik argi keinuak ikustea berezia baita.