Gatibuk agur birako kontzertu berezia emango du Gernika-Lumon
'Azken Zoramena Gernikan' izenburupean eskainiko du kontzertua Gatibuk, 2025eko ekainaren 7an, agur biraren barnean; Astrako parkinean izango da kontzertua, eta sarrerak bihar (abenduak 19) izango dira salgai Haziberriren webgunean, 12:00etatik aurrera.
Irailean jakinarazi zutenez, Gatibu taldeak 25 urteko ibilbide oparoari agur esango dio 2025ean. Agur horren baitan, Haziberri eta Gatibuk elkarlanean Azken Zoramena Gernikan deituriko kontzertu berezia emango du Gernika-Lumon. Kontzertua Astrako parkinean izango dela aurreratu dute gaur, aurkezpenean Haziberriko eta Gatibuko kideek. Sarrerak, beregain, bihar (abenduak 19) jarriko dira salgai, eguerdiko 12:00etatik aurrera Haziberriren webgunean, 30 eurotan.
Gatibuko kide den Haimar Arejitak Gernika-Lumo herriarekiko esker ona adierazteko modu bat lez definitu du kontzertua: “Gernikan sortu genuen taldea, duela 25 urte. Herriak eman digun maitasun eta bero guztia itzultzeko ordua dela pentsatu dugu, herrian kontzertu bat egitearen bidez. Pila bat kontzertu egin izan ditugu orain arte hemen, era desberdinetakoak, eta beti izan dira zoramen hutsa; kriston babesa jaso dugu herritik, eta azken kontzertu hau be, zoramena izatea nahi gura dogu.” Hortik jaio zen Zoramena hitza, izan ere, Gatibu taldearen lehen diska ere horrela deitzen da. Foru herrian eskainiko duten azken kontzertua izanik, emanaldiak “dimentsio handiak” hartuko ditu, antolatzaileen hitzetan. “Taldearen sustraiei eta hastapenei keinua egingo dien errepertorio berezia prestatzen ari gara ekainaren 7rako, gure agurra sentimendu bereziagaz, eta jai giroan ospatzeko”, nabarmendu du Arejitak.
Zoramena, Disko Infernu eta Laino guztien gainetik, Sasi guztien azpitik dira Gatiburen lehen hiru diskoak, eta horiek izango ditu ardatz Gernika-Lumoko azken kontzertuak; kantu arrakastatsuak izango dira tarteko, baita Gatiburen alderik rockeroena erakusten dutenak ere. Alex Sardui Gatibu taldeko abeslariak “kañerotzat” definitu du Azken Zoramena Gernikan: “Kontzertu hau desberdina izango da. Sarri egin ditugu hemen kontzertuak, baina halakorik ez dugu egingo. Gernikak behar du, eta guk ere behar dugu Gernikatik hartu. Egurra egongo da”.
Gatiburen hastapenak gogoratuko dituzte oholtza gainean Astrako parkinean, eta bide batez, hasierako garai horiekin loturiko kolaborazioak ere aurreikusten direla azpimarratu dute. Gaizka Salazarrek, gainera, agur birako “azken kontzertua BEC-en” izango dela gogorarazi du, 2025eko abenduaren 13an. Musikariak etxean ere agurtu nahi dute, ordea. Horregatik, Salazarrek ezinbestekotzat du gernika-lumotarren aurrean agur esatea, orain arte egin duten moduan. Kantuan.
Egitarau borobila. Haziberriko kideek argi dute. Gatiburi egingo zaion agurrak neurri bereko espazioa behar du, eta horretarako Astra “leku egokia” da: “Herriaren erdigunean dago, eta kanpotik datozenentzat ere hurbiltasun hori mantentzen da; tren eta autobus geltokitik erraz heltzen da Astrako parkinera”. Azken zoramena borobiltzeko asmoz, Gatibuz gain, beste musika talde batzuk ere izango direla aurreratu du Haziberriko kide den Garazi Llonak, nahiz eta talde horiek “otsailean edo martxoan” iragarriko diren, “kartel osoarekin batera”. Haziberrirentzat “erronka berezia” dela plazaratu du Iñigo Etxebarrieta Haziberriko kideak: “Gatiburen agurra ikusi eta horrekiko kontzertu bat egin beharra sentitu genuen”.
Bihar (abenduak 19) salgai jarriko diren sarrerez gain, sarrera fisiko mugatuak ere ahalbidetuko direla gaineratu dute; abenduaren 23an (astelehena), 12:00etatik aurrera, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan egongo dira salgai. Sarduik herritarrak animatzera gonbidatu ditu, eta taldekideek bere hitzak berretsi dituzte. Haziberri ere mezura gehitu da, sarrerak erosteko “zur” ibiltzeko gogoratuz.