Mantzisidor eta Ladutxe, finalerdi ligaxkara
Ludovic Ladutxe getariarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak 2 eta 0 menpean hartu dituzte Alex Goitia markina-xemeindarra eta Julen Del Rio gasteiztarra, eta Eusko Label Winter Seriesko finalerdietako ligaxkarako txartela eskuratu dute. Galtzaileak, ostera, txapelketatik kanporatuta daude.
Nagusitasunez. Halaxe gailendu zitzaizkien astelehenean [abenduak 16] Ludovic Ladutxe getariarra eta Mikel Mantzisidor mutrikuarra Alex Goitia markina-xemeindarrari eta Julen Del Rio gasteiztarrari, Eusko Label Winter Seriesen A multzoari zegokion zortzigarren jardunaldian. Jai Alai zutunik jarri zuten Ladutxek eta Mantzisidorrek, maila handia bistaratuz eta neurketa 2 eta 0 poltsikoratuz. Garaipenak, gainera, txapelketaren finalaurrekoetako ligaxkara sailkatzea ahalbidetu zien; ligaxka hori urtarrilean zehar eta otsail hasieran egingo dute. A multzoan, Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Gorka Sorozabal miarriztarra igaroko dira hurrengo fasera taldeburu legez, baina Ladutxek eta Mantzisidorrek erregulartasun handia bistaratu dute, multzoko bigarren postua harrapatzeko balio izan diena.
Atzoko hitzorduan ere, hasieratik segurtasuna eta fidagarritasuna bistaratu zuten kantxan. Lehendabiziko setaren hasieran 4 eta 1 aurreratu ziren; lehen bultzada hura giltzarri izan zen lehen aldeak ezartzeko eta, batez ere, norgehiagokari konfiantza osoz heltzeko. Tantoz tanto, getariarra eta mutrikuarra nagusi azaldu ziren, berme handiko jokoagaz, eta markagailua horren isla argia baino ez zen izan: 15 eta 8 gailendu ziren. Tarteka-marteka partiduari heltzeko eta beren jokoa suspertzeko ahaleginak egin arren, Goitiak eta Del Riok ez zuten lehen seta irabazteko inongo aukerarik eduki; akats asko kantxaratu zituzten, garaipenaren lehiatik aldenduarazi zietenak.
Goitia ezin izan zen gura beste sartu jokoan, eta Del Riok hainbat akats egin zituen; horren denaren baturak garaipenerako edozein aukera kendu zien
Bigarren setak lehenengoaren lepotik eduki zuen burua. Goitiaren eta Del Rioren alde egin zuen lehenengo tantoak, baina, ondoren, arerioek zazpi egin zituzten jarraian. Ez zuten inongo hutsegiterik gura, garaipenerako bidean. Goitia ezin izan zen gura bezainbeste sartu jokoan, eta, sartu zenean, ez zen ohiko mailan azaldu; Del Riok, bere aldetik, akats kopuru handia pilatu zuen. Arabarra “triste” agertu zen, partiduaren hondarrean. 15 eta 5eko markagailuagaz, bigarren setean erosotasunez nagusitu ziren Ladutxe eta Mantzisidor: garaipena partiduan eta finalerdien ligaxkara bidea.
Partidua amaitu ondoren, markagailuak “uste baino lasaiago” irabaztea ahalbidetu ziela nabarmendu zuen Mantzisidorrek: “Hasieratik gura genuen jokoa egin dugu, eta Ladutxe nagusi izan da aurrealdeko erremateetan; konfiantza handiz aritu gara, eta espero genuen besteko lana egin dugu”. Ligaxkara aurrera egitea “partiduaren ondorio” izatea bilatu zutela azpimarratu zuen mutrikuarrak: “Lehen helburua partidu txukuna jokatzea zen; hori lortuz gero, ligaxkara sailkatzea posible litzatekeela argi genuen. Orain arte, lehiaketa oso gogorra izan da, baina aurre egin ahal izan diogu; alde horretatik, konfiantzaz helduko diogu hurrengo faseari”.
Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal A multzoko lidertzan igaroko dira, 10 punturekin; Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidor, aldiz, bigarren, 9rekin
Zenbakiek gezurrik ez.
Urreisti eta Sorozabal A multzoaren buruan sailkatuko dira aipaturiko ligaxkara, 10 punturekin; asteleheneko garaileek, aldiz, 9 punturekin egingo dute aurrerako bidea. Goitiak eta Del Riok, berriz, puntu bakarra jaso dute egun arte; Xabier Barandika gernika-lumotarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak, hasierako bikote hautagaietako batek, ez du punturik patrikaratu. B multzoan, azken aldiaren garaileek, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak, esku artean dute lidertza postua: 8 puntu dituzte. Bigarren sailkatu Thomas Urrutia donibanegaraztarrak eta Thibault Basque bidartarrak, ostera, 7 dituzte. Azkenik, Johan Sorozabal miarriztarrak eta Unai Lekerikabeaskoa gernika-lumotarrak puntu bakarragaz agur esan behar izan diote lehiari; Jean Dominique Olharan pauetarrak eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrak, ordea, punturik jaso barik.
Hurrengo astelehenean [abenduak 23], Barandikak eta Lopezek agur partidua jokatuko dute Jai Alain, Goitiaren eta Del Rioren kontra.