Gabonak musikarekin ospatuko dituzte
Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek bi musika jardunaldi eskainiko dituzte abenduaren 19an (eguena) eta 20an (barikua), Lizeo Antzokiko emanaldiak eta adinekoen egoitzetara bisitak nagusituz.
Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoak Gabonetako kontzertuen programa tradizionala prestatu du, egun horietako magia musikaren bidez partekatzeko eta hiriko txoko guztietara hurbiltzeko. Musikak gozamena dakar, eta herritarrak musikaz gozatzea du xede urtez urte egiten den ekimen horrek. Publiko guztien gozamenerako pentsatutako errepertorioak emango die bizia ospakizunei talentuz eta jai espirituz beteriko bi jardunaldietan.
Inaugurazio ekitaldia abenduaren 19an (eguena) izango da, 19:00etan, Lizeo Antzokian, eta bertan abesbatzak, orkestrak, Banda Sinfonikoa eta ganbera taldeak arituko direla eman dute aditzera Gernika-Lumoko Udaletik. Sarrera doakoa izango da, eta bizilagunek eta bisitariek harmoniaz eta musika kalitatez betetako ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute.
Ospakizunak ostiralean, abenduaren 20an (barikua), jarraituko du, gainera, 17:30etik aurrera, trikiti, txistu eta pandero erromeria batekin, Kaltzada eta Torrezuri zaharren egoitzetan barrena. Bisita horretan Olentzero eta Mari Domingi ere izango dira, eta musikariekin batera Gabonetako esentzia gehien behar dutenei eramango diete, belaunaldien arteko hurbiltasun eta alaitasun keinu batean. Tradizioa bizirik mantentzea ahalbidetuko du Segundo Olaeta Musika Eskolak beste behin ere, herria musikaz janzteko ekimen honekin.