Onenen artean lehia bete-betean
Foruko Sokatira Taldeak meritu handiko hirugarren postua lortu du Gaztedik irabazitako Bizkaiko Goma Gaineko Txapelketaren finalean. Txapelketaren balorazio aparta egin du taldeak, eta aurrerantzean "lehiatzen eta hobetzen" jarraitzeko asmoa agertu.
Erraldoien artean, handituta. Haizetearen erdian, errota. Hainbesterako sendotasunez eta konfiantzaz agertu zen Foruko Sokatira Taldea joan den zapatuan [abenduak 14], Abadiñoko probalekuan, Bizkaiko Goma Gaineko final handian. Eskualdeko ordezkaritzak merituzko parte hartzea hirugarren postu distiratsuagaz borobildu zuen, emakumezkoen 520 kiloko kategorian. Hala txapelketako aurretiazko jardunaldietan, nola finalean bertan, maila handiko parte hartzea nabarmendu da; horrenbestez, Foruko STko lantaldeak ez du ogibide errazik eduki, lantaldetik azaldu dutenez: “Lehen helburua ondo pasatzea eta maila onean agertzea izan da; hortik aurrera, lortu genezakeen emaitza bigarren mailako helburua zen”.
Gaztedik poltsikoratu du txapelketa, etxeko talde Abadiñoren eta foruarren aurretik, hurrenez hurren. Gaztedi garaile suertatzea, adierazi dutenaren arabera, “ez da inongo ezustekoa”: “Egungo talderik sendoenetakoa da, eta indar handiko tiratzaileek osatutako lantalde oso lehiakorra daukate; alde horretatik, hasiera-hasieratik hautagai nagusietako bat izan da”. Edozelan ere, argitu dute “kostatu” zitzaiola garaipena poltsikoratzea: “Beste askotan ez bezala, aurkaritza sendoa topatu zuten; indarrarekin ez ezik, taktikari esker ere irabazi zuten. Eskarmentu handiko tiratzaileek parte hartu zuten, eta eskarmentu hori, hain zuzen ere, giltzarrietako bat izan zen”.
Saretzeko prest.
Finala “ikusteko polita” izan zela azpimarratu dute: “Faborito izan ez arren, entrenamendu saioek fruitua eman dutela erakutsi dugu. Foruko STk tiratzaile oso gazteak ditu, eta haiekin lan egin beharra dago, pazientziaz eta eten barik. Hori horrela, Abadiñon urrats handia egin dugu, eta talderik indartsuenekin parez pare ibili gaitezkeela erakutsi”.
Aurrerantzean, lehiatzen jarraitzeko asmoz daude: “Abadiñogaz akordio bat egin berri dugu; hitzarmen hori tarteko, geure taldeko kide batzuek Abadiñogaz lehiatuko dute Euskadiko Txapelketa, baina hitzordu jakin batzuetan Foruko taldeak hartuko du nahaste hori, Abadiñoko jokalari batzuk hartuz; polita eta baliagarria da elkarlan hori”.