Ibarra nagusitu da Muruetan
Euskadiko 4X4 Goma Gaineko Txapelketa hartu du asteburuan Muruetak. Ibarrak lortu du garaipena, Txantrearen eta Beti Gazteren aurretik.
Muruetako pilotalekua goi mailako sokatira jardunaldiaren kokaleku bihurtu zen iragan zapatuan [abenduak 14]: Euskadiko 4X4 Goma Gaineko Txapelketa lehiatu zuten, 280 kilo mistoko kategorian. 17:00etan abiatuta, Euskal Herriko talderik puntakoenak goma gainera kantxaratu ziren, zein baino zein gehiago. Lehiaketa gogorra besteko distiratsua izan zela eman dute aditzera: batetik, taldekideen erdia “tiratzaile gazteak” izan behar zirela zehazten du legediak eta, alde horretatik, gaitzagoa izan zen iragarpenak egitea; bestetik, Muruetako frontoia zortzi kideko tiratzaileak hartzeko “txikiegia” denez, lauko taldeetan tenk egitea “aukera gehiago” eman zizkien taldeei, ezustekoa emate aldera.
Beti Gazte, Badaiotz, Bizindar, Antsoain A, Antsoain B, Txantrea, Ibarra A eta Ibarra B taldeek neurtu zituzten indarrak. Maila handia nabarmendu zela adierazi dute. Azkenean, Ibarra A izan zen garaile, hurrenez hurren, Txantrearen eta Beti Gazteren aurretik. Antolakuntzak azpimarratu du “harrobi lan handiaren isla” dela sailkapen hori, hiru klubek tiratzaile gazteekin “gogor” lan egiten baitute.