Bederatziurrena abiatu dute marijesiek
Gaueko errondak hasi dituzte gaur (abenduak 16) goizaldean Gernikako Marijesiek, eta kale bazterrak koplaz betetzeko prest daudela adierazi dute. Herritarren ekarpenak bilduko dituzte abenduaren 24ko goizeko errondetan, eta batutakoa sarkoma ikertzen duen GEIS erakundearentzat izango da.
Kalera ateratzeko ordua ailegatu zaie Gernika-Lumoko Marijesiei. Tradizioa jarraituz, errondan atera dira gaur (abenduak 16) goizaldean, eta Gabon aurreko bederatziurrena beteko dute beste urte batez. Hala, kale bazterrak koplaz betetzen hasi dira dagoeneko.
Aurtengo koplak Denis Azkarate Eizagirreren, Iñaki Gonzalez Abadiaren, Fernando Astoreka Aranbururen, Ane Miren Arejita Abaituaren eta Alex Uriarte Atxikallenderen ahotsetatik helduko dira, eta ondoan izango dituzte Marijesien taldea osatzen duten kideak, euren koplei erantzuteko prest. Hala, Uriarte, Azkarate eta Astoreka izan dira gaurko lehen bakarlariak, gau hotzetan herriko bazterrak berotzen ibili direnak.
Lurgorrin egin dute aurtengo lehenengo errolda, Agirre, San Kristobal eta Urremendi inguruetatik ibili baitira, eta auzo hori bisitatuko dute baita ere abenduaren 19ko, 22ko eta 24ko goizaldean. Errenterian bihar, abenduaren 20an eta 23an ibiliko dira kantuan, eta Tiloak etzi eta abenduaren 21eko goizaldean zeharkatuko dituzte.
Hala, gaur, 82 pertsona batu dira, eta ordubete eta 42 minutuko denboran 138 kopa kantatu dituzte, hurrengo kaleak zeharkatuta: Andra Maria eleiza – Allendesalazar – San Pedro auzoa – Zearreta – Frai Martin Murua (erdiraino) – Iturriondo plaza – Iturriondo – San Jose auzunea (atzetik) – San Frantzisko – San Jose auzunea – Agirregana – Juan Calzada – San Kristobal plaza – Mestikabaso – Lurgorri (Urremendi) – Mestikabaso – Lurgorri – Rotonda – Juan Calzada – Gurutze Gorria – Iparragirre – Alondegia – Industria – Picasso – Merkurioa – Artekalea – San Juan – Barrenkalea – Andra Maria – Domingo Alegria plaza – 8 de enero – Adolfo Urioste – Don Tello – San Roke – Domingo Alegria plaza – 8 de enero – San Juan – San Juan ibarra – Urkieta – Iñigo Lopez de Haro – Pedro Elejalde – Allendesalazar – Andra Maria – Goienkalea (Andra Maria eleiza).
Gauero-gauero marijesiak entzuteko aukera izango dute gernika-lumotarrek, baina abenduaren 24an goizalean zein goizean ibiliko dira kalerik kale, eta goizeko errondan batutako dirua sarkoma gaixotasuna ikertzen duen GEIS Grupo Español de Investigacion en Sarcomas erakundearentzako izango da, eta mediku ikerketak egiteko erabiliko dute.