Barraskilo gozoenak dastatzeko prest
Datorren domekan (abenduaren 22an) Euskadiko XLVII. Barraskilo Txapelketa hartuko du Gernika-Lumoko Merkatu plazak. Azaldu dutenez, etxean landutako eta zuzenean sukaldatutako kazolen zaporeen lehiak izango dira jokoan.
Hurrengo domekan (abenduaren 22an) janaria nagusituko da Gernika-Lumon. Izan ere, Merkatu plazak Euskadiko XLVII. Barraskilo Txapelketa hartuko du, tradizioa eta lehia gastronomikoa beste behin ere uztartuz. Goizeko 10:00etan emango zaio txapelketari hasiera, eta, gainera, parte hartzaileak bi modalitatetan lehiatuko dira: aurretiaz etxean sukaldatutako kazolen lehia izango da alde batetik. Bestetik, berriz, zuzenean landu eta sukaldatutako kazolen arteko lehia.
Gernika-Lumoko Udalak antolatu du txapelketa, eta aditzera eman dutenez, bizpairu arau zehaztu dituzte modalitate bakoitzeko. Zuzenean landutako kazolen nondik norakoak nabarmendu dituzte, alde batetik: “Zuzeneko egosketan lehiatuko direnek, buztinezko bi kazola aurkeztu ahal izango dituzte, gutxienez kazola bakoitzeko bi kilo barraskilorekin. Aurrez erositako osagaiak ere ekarri ahal izango dituzte”.
Aurretiazko prestakuntzako kazolen lehiaren kasuan, parte hartzaile bakoitzeko “kazola bat bakarrik” aurkeztu daitekeela arreratu du udalak. Lehiaketa egun horretako eguerdira arte abian egongo dela azpimarratu dute. Alegia, 14:00etan emango baitituzte txapelketako emaitza guztiak.
Sariekiko, zuzenekoen kasuan, lehen sarituak 60 euro eta gabon otzara bat eskuratuko duen heinean, bigarren sarituak 40 euroko saria jasoko du. Aurretiazko kazolen lehiaren kasuan, ostera, sei sari banatuko dira, eta horien artean lehenak, 60 euro eta gabon produktuen sorta bat eskuratuko dituela jakinarazi du udalak.
Gastronomia, kultura eta tradizioa pil-pilean izango diren ekimen hori “berezia” izatea aurreikusten du Gernika-Lumoko udal gobernuak. Usainak eta zaporeak usaintzeko eta dastatzeko aukera emanik, “bertoko gastronomia bete-betean ezagutzeko jardunaldi paregabea” izango da, beraien hitzetan, eta era berean, herritarrak datorren domekan (abenduaren 22an) Merkatu plazara hurbiltzeko deia zabaldu dute.