Minbiziaren ikerketa bultzatzeko, Gabon Azoka Solidarioa
Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkartea osatzen duten boluntarioek Gabon Azoka Solidarioa antolatu dute, hirugarrenez. Bihar arte [abenduak 13] bisitatu ahalko da, elkartearen lokalean, 17:00etatik 20:00etara.
Minbizia bezalako gaixotasun baten aurrean ikerketak duen garrantziaren jakitun dira Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkartea osatzen duten boluntarioak. Horregatik, horretako “beharrezkoa den dirua” lortzeko helburuagaz, Gabon Azoka Solidarioa antolatu dute, beste urte batez. Azoka elkartearen lokalaren atarian, Erreten parkean, jarri dute azoka, eta bihar arte [abenduak 13] egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Aurtengoa azokaren hirugarren aldia da; izan ere, lehen gabonetako-apaingarrien lehiaketa egiten zuten: “Lehiaketa antolatzen genuen, eta parte hartzaile guztiei saria ematen genien, baina pandemiarekin egiteari utzi genion”, azaldu dute elkarteko kideek. Orain, elkartera bertaratzen direnek boluntarioek urtean zehar egindako esku-lanak erosteko aukera dute: gabonetako zein goma-aparragaz egindako denetariko apaingarriak, esaterako. Zehaztu dutenez, iaz azoka “oso ondo” joan zen, aurten berriz lehen egunak “eskasagoak” izan dira; horregatik, Minbiziaren Aurkako Elkartetik azokara hurbiltzeko deia egin die herritarrei.
Erreleborik ez.
Bermeoko elkarteko boluntarioek 70 eta 90 urte bitartean dituztela nabarmendu dute elkartekideek, eta belaunaldi berrien artean taldeari jarraipena emateko errelobik ez dagoela azaldu dute: “Boluntariotzarako ez dago erreleborik, gurean behintzat ez. Ordaintzen ez bada ez dute parte hartu nahi, eta guk ez daukagu horretarako dirurik”.
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, Tabakorik Gabeko Eguna, Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna… Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak “kanpaina guztiak” lantzen dituela azaldu dute, horretarako “zortzi bat pertsonako talde txikia” baino ez direla nabarmenduta.