Gereziondoa landatuz harremanak ehunduz
Akie Abe, 2012 eta 2020 artean Japoniako lehen ministro izandako Shinzo Aberen alarguna Gernikako Batzar Etxean izan da gaur [abenduak 12]. Europa Parkean gereziondo japoniar bat landatu dute.
![](https://busturialdea.hitza.eus/site/files/2024/12/akie-abe-gernikan-1200x800.jpg)
Akie Abe, 2012 eta 2020 artean Japoniako lehen ministro izandako Shinzo Aberen alarguna Gernikako Batzar Etxean izan da gaur [abenduak 12]. Udalerriko Europa Parkean egin zuten gereziondo japoniar baten landaketaren buru izan da, eta gero, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariagaz eta Mahaiko kideekin elkartu da.
Japonia eta Taiwan arteko Adiskidetasunaren Itzulerako Kultur Elkarteak Shinzo Abek sortutako Sakura Fundazinoak Herrien Batasunaren Ospakizuna sustatzeko Bizkaian antolatu dauen programari amaiera eman dio gaur. Kuei Kai Chiu artista taiwandarrak egindako oroitzapenezko eskultura baten desestaltzeak emon deutso amaierea anaitasunezko ekitaldiari. Izan ere, programak Japoniaren, Taiwanen eta Euskadiren arteko “adiskidetasun eta hartu-emon kultural eta enpresarialak” estutzeko helburua izan du.
![](https://busturialdea.hitza.eus/site/files/2024/12/akie-abe-gernikan-1-500x333.jpg)
Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Abegaz batera, Gernikan izan dira Itsuro Mizukami Sakura elkarteko presidentea, Chang Mou Sen sortzaileetako bat eta erakunde horretako beste kide batzuk, baita Japoniako Gobernuko ordezkariak ere. Ohorezko aurreskuagaz agurtu dituzte Asiatik etorritako ordezkariak eta, ostean, Sakurahanakaikarisha —taiwanerazko izena— elkarteko ordezkariek talde argazkia atera du Gernikako arbola parean. Jardunaldiari amaiera emateko, lehendakariaren bulegoan Batzar Nagusietako Sinadura Liburua sinatu dute.