Foruko Sokatira Taldea, Bizkaiko Goma Gaineko finalaren atarian
Foruko Sokatira Taldeak Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren finala lehiatuko du zapatuan [abenduak 14]. Eskualdeko ordezkaritzak emakumezkoen 520 kiloko eta gizonezkoen 620 kiloko finaletan parte hartuko du.
Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren finala hartuko du Abadiñok zapatuan [abenduak 14], eta bertan izango da Foruko Sokatira Taldea. Lehiaketako azken jardunaldian emakumezkoen 520 kiloko kategoriako eta gizonezkoen 620 kiloko finalak jokatuko dituzte, eta bietan izango dira eskualdeko ordezkariak.
Antsoainen lagunarteko tiraldia eginda, Bizkaiko Txapelketan murgildu ziren foruarrak, azaroan. Ez zuten beraien burua txapelketa irabazteko moduan ikusten, baina lehen bi jardunaldietan “sorpresak” izan direnez, finalerako ere “antzeko zerbait” espero dute. Hala, nahiz eta sokatira munduko talde potolok izan parez pare izango dituztenak, hilabete luzez egindako lana erakustera aterako dira.
Areatzako jardunaldiagaz ekin zioten txapelketari, zapatukotik nabarmen aldenduko den tiraldiekinl. Izan ere, lehen jardunaldian tiraldia mistoa izan zen, eta taldea “oso pozik” geratu zen hark emandakoarekin: “Gure entrenatzaileek ere tiratu zuten, eta laguntza asko izan genuen: normalean goma kanpoan ikusten duguna barruan izan genuen”. Sokatiran hasiberriak diren tiratzaileak dira gehienbat Foruko taldekoak, eta esperientzia handiko gizonekin tiratzeak “oso seguru eta komodo” sentiarazi zituen: “Konfiantza handiagaz joan ginen, eta emaitzek ere hori erakusten dute; oso pozik geratu ginen”.
Bigarren jardunaldian, berriz, emakumezkoek eta gizonezkoek bereizita jardun zuten. Emakumezkoek esperientzia horren balorazio “oso positiboa” egin dute, sokatiran elkarrekin hasi zen gazte laukoteari lehenengoz elkarrekin tiratzeko aukera eman baitzion: “Emaitza esperotakoa baino hobea izan zen, eta berriak garen arren atzean lan asko dugula erakutsi genuen”. Lanean jarraitzeko gogotsu daudela azaldu dute, “besteen moduko maila on batera heltzeko”.
Zapatuan oraindik “zeresan asko” dutela erakustera aterako dira, berrikuntzaz beteriko taldea aurkeztuta. Foruko Sokatira Taldea Abadiñoko taldeagaz batera entrenatzen hasi dira, eta zapatuan ere nahastuta tiratuko dute. Horrenbestez, bai gizonezkoek, bai emakumezkoek, bi talde aterako dituzte: Forua eta Abadiño, biak ala biak bi taldeetako kidez osatuak. “Esperientzia handia duen taldeagaz nahasteko aukera izango dugu”, nabarmendu dute. Foruarrentzat ikasten jarraitzeko “aukera handia” da, eta zapatuan irabazteko aukerarik izango duten jakin ez arren, saiatzen jarraitzeko motibatzen ditu.
Euskadiko Txapelketa.
Abadiñoko Bizkaiko Txapelketako finalean izango dira beraz foruarrak zapatuan, baina eskualdean ere egongo da sokatira jardunaldiaz gozatzeko aukera. Muruetako frontoiak Euskadiko 4x4ko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako jardunaldia hartuko du, 17:00etatik aurrera. Beti Gazte, Badaiotz, Bizindar, Antsoain A, Antsoain B, Txantrea, Ibarra A eta Ibarra B taldeak izango dira 280 kilo mistoko kategorian.