Ibarrangeluko energia komunitatea: proiektutik errealitatera
29 bazkidek osatzen dute sortu berri duten herri mailako energia elkartea.
Hainbat bilerako lanketa egin ondoren, ibarrangelutarrek udalerri mailako energia komunitatea eratzeko urrats esanguratsua egin dute. Herritarrek ingurumena, jasangarritasuna eta auzolana barnebiltzen dituen proiektuaren aurrean “jarrera positiboa” erakutsi dutela azaldu dute udal ordezkariek: gaur-gaurkoz, 29 dira interesdunak eta elkartearen partaide izango direnak, udala barne.
Udaletik agertu dutenez, jadanik zehaztu dute arduradun nagusiak zeintzuk izango diren: “Lehendakari, idazkari eta diruzain postuak bete ditugu, eta herritarrek prestutasuna agertu dute, Barrizar aholkularitza energetikorako enpresagaz elkarlanean”. Edozelan ere, aurreratu dute herritar berriek ateak zabalik dituztela, parte hartu gura balute.
Forma juridikoari dagokionez, elkartea sortzea erabaki dute, hasieran kooperatiba izatea bilatu zuten arren: “Kostu ekonomikoek itxura hori aukeratzera eroan gaituzte momentuz; kooperatiba sortuz gero, dirulaguntzak esanguratsuagoak lirateke, baina gaur-gaurkoz elkarte modura funtzionatuko dugu, beste aukera uneoro mahai gainean presente edukiko dugun arren”. Alde horretatik, elkartea finkatzea eta egonkortzea izango dira hurrengo urratsak.