Durangoko Azoka euskal kulturaren erakusleiho handia izan da, beste urte batez
Durangoko Azokarekin euskal kulturgintzak lekua hartu du espazio publikoan, eta kulturazaleek Azokaren deiari gogoz erantzun diote, euskal kultur sisteman duten garrantziaren jakitun
“Euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango luke egiturazko espazioak ugarituta”. Esaldi horregaz borobildu dute Gerediaga Elkarteko kideek aurtengo Durangoko Azokak utzitakoa. Lau eguneko jardunaldi bizi eta ederrek osatu dute 59. Durangoko Azoka eguenetik (abenduak 5) domekara (abenduak 8) bitartean, eta euskal kulturaren erakusleiho handia izan da beste urte batez. Hortik harago, gainera, sortzaileen eta kulturazaleen arteko hartu-emanerako plaza ere izan da: sorkuntza lanak aurrez aurre azaldu dituzte ekitaldietan eta erakusmahaietan, eta jendearen babesa jasota, aurrera begira lanean jarraitzeko bultzada jaso dute sortzaileek.
Azokak daukan zabalkundea dela eta, euskal kulturgintzak lekua hartu du espazio publikoan, eta aterki horrek euskal kultura bizitzeko bidea eman die zaleei: “Kulturzaleei Durangoko Azokara etortzeko dei egiten diegu, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko katebegia direla aitortuz, eta egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak erakutsi digu kulturazaleak ardura hori hartzeko prest daudela”.
Ondorioz, ondorioztatu dute, kulturzaleen nahi hori praktikara eroateko egiturazko espazioak ugarituko balira, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lituzkeela urte osoan zehar. “Erronka hori daukagu Durangoko Azoka aurrera ateratzen dugun kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturazaleok”, berretsi dute.
Milaka ikasle batu zituen goizagaz hasi zen azoka. Euskal Herri osotik 100 autobus inguru bertaratu ziren, eta bete egin zituzten azokaren esparruak zein herriko kaleak. Bigarren egunean, Gazte Eztandarekin izan zuen segida, euskal kulturaren transmisioan eragitea baita azokaren asmo nagusietako bat, eta helburu horregaz jarraitu zuen asteburuak iraun bitartean.
Jakinarazi dutenez, guneetako aurkezpenak “jendetsuak” izan dira: “Urteak dira esaten ari garela azoka Landako Gunean hasten den arren, hori biano askoz gehiago dela, eta aurten, berriz berretsi da hori. Guneetako egitarauaren irizpideak finkatu izanak euskal kulturgintza bere ertz guztiekin erakusteko bidea eman digu”.
Guneak.
Talaia gogoetarako ale askoren aterpe izan zen, eat azpimarratzekoa izan zen euskal kulturgintzaren transmisioa hedabideetan nola gauzatzen den EHUko Behategiak egin zuen ikerketaren emaitzak aurkezteko eta proposamen zehatzak ere plazaratzeko hitzordua.
Ahotseneako literatura aurkezpenetan belaunaldi aniztasuna igarri zen, eta emakumeen presentzia nabarmendu dute antolatzaileek, hala aurkezten, nola entzuten egon zirenena. Musikaren gunean, Plateruenan, publiko asko talde berriak deskubritzera joan zela ondorioztatu dute, “proposamen zehatzetatik harago”.
Ikusteko, ikasteko, hunkitzeko, emozionatzeko eta sentsibilizatzeko gunea izan zen, aldiz, Irudienea. Euskarazko lanei balioa ematea helburu, transmisioa lantzea eta gozatzea lortu zuten hainbat lanen bitartez. “Ibilbide luze baten ondoren lan berri bat aurkeztu duen sortzaileak asko izan dira, eta baita lehen aldiz sortutako lan bat proiektatzeko aukera izan duten gazteak ere. Emanaldi askotan aforoa bete egin da, adin ugaritako ikus-entzuleekin”.
Kabia eremu digitalaren gunean, aipagarriak izan ziren adimen artifizialaren bueltan sorturiko gogoetak: adimen artifizial sortzaileak kulturan izan ditzakeen aukerez eta arriskuez aritu ziren, besteren artean. Bestalde, Gamer Gelak, beste urte batez, askoren arreta piztu zuen, “eta jolaserako tarte polita sortu zuen gazteentzat zein nagusientzat”.
Saguganbara ekitaldi gehienetan “bete” zen, izan ere, etxeko txikienek ere aurkezpenak entzun ostean, idazle eta ilustratzaileekin biltzeko aukera izan zuten.
Eta Szenatokia jende andanaren bilgunea izan zen emanaldi guztietan, eta sarritan ilarak sirtu ziren ateetan. Bertan, antzerki piezak, bakarrizketak eta dantza ikuskizunak eskaini dituzte konpainiek.