Basterretxearen lana aitortu dute Durangoko Azokan
Landakon egindako ekitaldian izan ziren Basterretxearen senideak, eta oroigarria jaso zuten Gerediaga elkarteko presidentearen eskutik.
Nestor Basterretxeari esker ona adierazteko ekitaldia egin zuten zapatuan (abenduak 7) 59. Durangoko Azokan, Gerediaga elkartearen ekimenez. Izan ere, artistaren sorkuntza eta ekarpena aitortu nahi izan zituzten, Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenean. Bertan izan ziren artistaren familiakoak, eta oroigarria jaso zuten Nerea Mujika Gerediagako presidentearen eskutik.
“Nestor Basterretxea artista handia eskertzeko batu gara, eta bere etxekoak ere eskertu behar ditut, ze, aitaren sormen lanak eskura utzi dizkigute”, esan zuen Mujikak ekitaldian. Eta, gogoratu zuen, Bermeoko sortzaileak diseinu eta ilustrazio arloan eginiko obraren lagin bat Durangoko Museoan ere badagoela ikusgai, Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak egindako erakusketan, zeinetan artistaren lanetako asko “sekula ikusi gabeak” diren.
XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzia nagusietako bat izan zen Basterretxea, eta Durangoko Azokagaz harremana izan zuen. Esaterako, 2012an, berak sortu zuen 47. edizioko irudia: Gerediagak eskaria egin zionean ikuspuntu sortzaile eta kritiko batetik diseinatu zuen afixa, eta prozesu hori azaltzeko Basterretxearen bideo bat ere proiektatu zuten ekitaldian.