Asteko bigarren porrota
Markagailuan aurretik hasi arren, Club Joventut Badalonak erregulartasunez eutsi dio partidari, eta garipena lortu du Olimpic-en; 69-55 markagailuan. Hurrengoa, abenduaren 14an jokatuko dute Lucas Fernandezenak, Gran Canariaren aurka, etxetik kanpo.
Lointek Gernika Bizkaiak porrot egin zuen Club Joventut Badalonaren aurka, 14 puntuko aldeagatik; 69-55 amaitu zen partida. Gernika-lumotarrek lehen aldiz zapaldu zuten Olimpic-eko zorua, eta nahiz eta markagailuan aurretik hasi zuten partida, kataluniarren zonako defentsa erasotzerako orduan oztopoak izan zituzten.
Partidan oso sartuta hasi zuten Lucas Fernandezenak, 2-9ko markagailua lortuz, eta Westerik-en hirukoaz baliatuz. Gernika-lumotarrak berehala konturatu ziren partidan lan dezente egin beharko zutela garaipea eskuratzeko. Nahiz eta Kendra Chery-ek bi gehi batekoarekin 8-16ko emaitza utzi zuen markagailuan, Joventudeko Mariam Coulibalyk min handia egin zuen uneoro; 9 puntu egin zituen lehen laurdenean. Hala eta guztiz ere, Malostekoak aurretik zihoazen. Esperantza zegoen.
Kataluniarrak minutuen igarotzeaz baliatu ziren partidan eroso sentitzeko. Hiruko lerrotik arrakasta handirik izan ez zuten arren, gutxinaka partidan sartzen jardun zuten. Lointek Gernika Bizkaiak oreka anitz zuen jokoan, baina erreboteak sarritan ihes egin zion, eta horri baloi galerak gehituz, Lointekekoek lortutako aldea gutxitu egin zuten kataluniarrek, soilik bi puntuko aldea izatera helduz. Beste behin, Laura Westerik agertu zen, bere partidako bigarren hirukoa saskiratuz. Gauzak horrela, aurkariak geroz eta erneago agertu ziren; 26nako berdinketagaz, Fernandezek partida gelditu behar izan zuen. Hala ere, markagailuari buelta eman eta lehenengoz aurretik jarri ziren kataluniarrak: 33-26 atsedenaldira.
Joventudek aldika defentsak aldatu zituen hirugarren aldian. Banan-banako defentsatik zonakora, eta alderantziz. Aurreko partiduetan Lointekek arazoak izan ditu zonako defentsa erasotzeko, eta horretaz argi baliatu ziren aurkariak, beraien barne-jokalarien hego zabaleraz gain. Foru herrikoek gauza bera egin zuten, eta zonako defentsan atera ziren atsedenaldiaren ostean. Ane Olaeta gernika-lumotarra agertu zen orduan, hiruko lerrotik saskiratuz, eta taldeari 0-8ko partziala oparituz. Berdinketa Olimpic-en. Talde biek hainbat galera eta akats egin zituzten, baina berriz ere, Coulibaly-ek desoreka eragin zion talde granateari.
Defentsan eskas aritu ziren gernika-lumotarrak aldi batez, eta hori baliatuz zigortu zituzten Fernandezenak aurkako taldeak. 51-43 markagailuan, eta Joventudek behingoz arnasa hartu zuen. Ordura arte bezala jarraitu zuen partidak; etxekoak lasaiago jokatzen jardun zuten, eta Lointek Gernika Bizkaiak saskiratzeak behar zituen. Indartsu agertu ziren Fernandezenak, eskatutako atsedenaren ostean. Baina nekez. Nahi baina ezin bat bihurtu zen partidako azken txanpa kanpokoentzat; eta 69-55ko emaitzagaz zeuden markagailuan 40 minutuak amaitzean. Fernandezek aurkariak zoriondu zituen: “Erregularragoak izan dira. Gure momentu ona jasaten jakin dute, eta horri buelta ematen partidu osoan zehar. Guk gorabeherak izan ditugu; galera asko eta saskiratze huts asko izan ditugu, beraiek horien bidez zigortzen jakin gaituzten bitartean. Zoriontzea baino ez zaigu gelditzen, eta gure jokoa zuzentzea, hurrengo lehietarako gauzak hobetzeko”.
Bi porrot aste berdinean Malostekoentzat. Uni Girona eguaztenean, Malosten, eta Joventud zapatuan, Olimpic-en. Bi partida dituzte aurretik foru herrikoak, eta biak ala biak izango dira berebizikoak, taldea taulako lehen 8 postuetan mantentzeko. Etxetik kanpo lehiatuko dituzte biak, gainera, marea granatetik urrun. Abenduaren 14an (zapatua) Kanarietan dute hitzordua, 20:00etan Gran Canarian aurka norgehiagokan lehiatuz.