Iazko aldiaren konfirmazioa
Barikutik [abenduak 6] domekara [abenduak 8] bitartean, Artza pilotalekua Gabon Azoka Bermeotarraren bigarren aldia hartzen ari da.
Iazko estreinaldiaren ondoren, bermeotar herritarrek bigarren aldiz goza dezakete asteburuan Gabonak orduko bateragune esanguratsuenetako batez: Gabon Azoka Bermeotarra. Udal gobernu taldeak, Berton merkari elkarteagaz batera, antolatu du azoka, eta tokiko ekoizle, komertzio nahiz artisauei merezi duten plaza zein aintzatespena ahalbidetzea dute jomuga nagusi. Gaur [abenduak 7], egon da goizean kuxkuxeatzera sartu den herritarrik, baina saltzaileek nabarmendu dute “eguerdi partean” egon ohi dela jende gehien, eta bihar [abenduak 8], azoka zabalik egongo den azken egunean, halaxe izatea aurreikusten dute.
Aurten, 23 azokari egon dira pilotalekuan aterpeturiko azokagunean, denak ere herrikoak. Hain zuzen, antolakuntzaren helburua bertako merkataritza “indartzea” da eta, horrenbestez, Bermeoko ekoizleen lana ezagutarazteko herri jarduera egin dute. Salgai arloari dagokionez, “denetarik” topatu ahal izan dute bertaratu direnek: arropak, betaurrekoak, poltsak, amantalak, zapiak, euritakoak, txapelak edota ukenduak. Horrez gain, umeei zuzenduriko ikuskizunak eta aurpegi margoketa postua ere egon dira; bestalde, photocall-a eta zozketak ere egin dituzte.
Bertoko azoka orotan legez, Bermeokoan ere egon da ahora zer eroan. Azokagunean bertan ardoa, gozokiak edota kontserbak saldu baldin badituzte, Artza aldameneko karpan kokatutako gastrogunean denetariko gozoki, pintxo, errazio edota ogitartekoez gozatu dute hurreratutakoek. Bertako nahiz azoka barruko produktuetako zenbait, gainera, “esklusiboak” direla azpimarratu dute.
Gaur arratsaldez ere, zabalik egongo da azoka, 17:30etik 20:30era artean; bihar, berriz, goizez baino ez, 11:00etatik 15:30era. Gastrogunea, baina, bestelako ordutegiagaz prestatu dute: gaur eten barik egongo da, 21:00ak arte. Gaur berta azoka bisitatzen egon da he3rriko gobernu lantaldea, Nadia Nemeh Shomaly alkatea buru; herritarrei “bertaratzeko eta tokiko produktuen eskaintzaz gozatzeko” deialdia luzatu die.