Garaipen pisutsua besteko ederra Astoreka, Ortega eta Lopezentzat
Sustabiz Fundazioak II. Harrijasotze Txapelketa egin du gaur [abenduak 7] Santanape Kiroldegian. Emakumezkoen lehian, Leire Astoreka gernika-lumotarra gailendu da. Gizonezkoen maila absolutuan, Ibai Lopez elorriarra izan da nagusi; 80 kilotik beherakoan, Unai Ortega bermeotarra.
Herri kirolak herritarrei are gehiago hurbilarazteko asmoz antolatu dute gaurko [abenduak 7] Sustabiz Fundazioaren Harrijasotze Txapelketaren bigarren aldia, Santanape kiroldegian. Jendeari kirol horrekiko harra piz diezaion antolatu dute, eta herritarrek ez dute ezelan ere kale egin: harmailetan ikusle mordoa egon da goizean zehar; asko eta asko, gainera, Bizkaiko nahiz inguruko txokoetatik bertaratu dira.Ā 21 atletak parte hartu dute Gernika-Lumoko pilotalekuko kantxan egokitu duten gunean: 17 gizonezkok eta 4 emakumezkok.
Denak ala denak lehiaketa ofizialetan sekula parte hartu ez dutenak izan dira, horixe baitzen txapelketaren baldintzetako bat. Han-hemendik bertaratu dira aurten parte hartzaileak: Busturialdekoez gain, Lea-Artibaitik, Durangaldetik edota Gipuzkoatik hurreratu dira, baita Herrialde Katalanetatik edota Andaluziatik ere.Ā
Sailkapen fasea lehiatu dute lehenik. Hiru multzo banatu dituzte: batetik, gaurko emakume guztiak barnebildu dituen 60 kilotik beherako emakumezkoena; bestetik, 80 kilotik azpiko gizonezkoena; horiez gain, 80 kilotik gorako gizonezkoena, kategoria absolutua. Parte hartzaileen aurkezpen agerraldiaren ondoren, sailkapen tartean, txandaka eta bakarka aritu dira, hiru minutuko iraupenagaz; emakumezkoek 35 kiloko bolagaz lehiatu dute, eta gizonezkoek 50ekoagaz.Ā
Sei finalistetatik lau Busturialdekoak izan dira: Astoreka, gernika-lumotarra; Bilbao, arratzuarra; eta Ortega zein Blanco bermeotarrak
Minutuen joanagaz argitu da kategoria bakoitzeko finala lehiatuko zuten bina harrijasotzaileak zeintzuk izango ziren. Emakumezkoen lehian, Busturialdeko atletak aritu dira indarrak neurtzen: Leire Astoreka gernika-lumotarra eta Iraide Bilbao arratzuarra. 80 kilotik beherako gizonezkoen lehian, bermeotar bi: Unai Ortega eta Andoni Blanco. Maila absolutuan, aldiz, Ibai Lopez elorriarra eta Imanol Garate zarauztarra. Final bakoitzeko partaide biak aldi berean aritu dira jasoerak egiten, baina bost minutuko iraupen itogarrian. Esfortzuak egoki neurtzea eta denbora ondo kudeatzea gako izan da gaurko hiru norgehiagoketetan.
Azkenean, emakumezkoen lehiaketako txapela Astorekarentzat izan da, 80 kilotik beherako txapelketa Ortegak poltsikoratu du, eta lehia absolutuan, berriz, Lopez nagusitu da. Pozarren agertu dira hiru finalistak, baita Sustabiz Fundazioko antolatzaileak nahiz bertaraturiko ikusleak ere.Ā