Etxeko biltokia Gabonetarako betetzeko aukera aproposa
Gabonetako Azoka egin dute mundakarrek, udaletxeko arkupeetan. Jatekoa izan da nagusi.
Gabonak ate jota dauden honetan, etxeko biltokia kalitatezko eta tokiko produktuz betetzeko aukera egokia eduki dute gaur [abenduak 7] mundakarrek: Gabonetako Azoka. Eguraldi txarrak (goiz osoan euria eta haizea nagusi izan dira udalerrian) azokaren oinarrizko formatua moldatzera derrigortu ditu antolatzaileak: plaza osoa hartu ordez, udaletxe aurrealdeko arkupeetan doitu behar izan dute azokagunea.
Produktu sorta zabala egon da eskuragarri. Ardatz nagusia gastronomia izan da, alegia, janari edota edari eskaintza: ortuariak, frutak, fruitu lehorrak, gazta, ogia, gozokiak, eztia, patea edota lekaleak.
Produktuak ikusteaz ez ezik, dastatzeaz ere gozatu ahal izan dute bertaraturikoek. Izan ere, talo postua eduki du azokak. Ez hori bakarrik: etxeko zapatila bero-beroak salgaieduki dituen postua ere egon da.
Mundakako alkate Sorne Rubio Aranok azokaren “bilgune izaera” azpimarratu du: “Batetik, ekoizleek bizkortasuna eta elkarlanerako grina erakutsi dute, eguraldi traketsaren aurrean arkupeetan egitea adosteko; bestetik, herritarrek Gabonak orduko elkartzeko funtzioa bete du azokak, gainera, kalitate handiko produktuak erosteko aukera edukirik”.