Singapur metodologia: konfiantza eta lorpen iturri
Singapur metodologia aplikatzeak onurak dakartzala aztertuta, San Fidel Ikastolak sei urte daramatza metodo horrekin lanean. Izan ere, errendimendu akademikoan, kontzeptuen ulermenean eta problemen ebazpenean sakontzen du nazioartean errekonozimendua lortu duen hezkuntza estrategiak.
Nazioartean errekonozimendua lortu duen hezkuntza estrategia da Singapur matematikaren metodologia, bereziki matematikaren irakaskuntzan erakutsi duen eraginkortasunagatik. Eta, azken urteetan, San Fidel Ikastolan ere landu dute, hori eskola eremuan aplikatzeak dakartzan onurak aztertu eta gero.
Singapur matematikaren metodologia eskoletan aplikatzeak onura ugari eskaintzen ditu, bai errendimendu akademikoa hobetzeko, bai kontzeptuen ulermen sakona bultzatzeko, bai problemen ebazpenean gaitasunak garatzeko, bai matematikarekiko antsietatea gutxitzeko. Hori dela eta, San Fidel Ikastolan sei urtez landu dute metodologia mota hori, hala Haur Hezkuntzako ikasleekin, nola Lehen Hezkuntzakoekin. Eta aurten, DBH 1. mailan ere martxan jarri dute, ikasleengan dituen eragin positiboetan oinarrituta: “Mundu osoko eskoletan metodologia hau hartzen ari diren heinean, matematikaren irakaskuntzan eta ikaskuntzan aldaketa positiboa ikustea da litekeena, eta hori guztia ikasleentzat konfiantza eta lorpen iturri bihurtuko da”.
Esaterako, metodologia honek kontzeptuen ulermen sakona sustatzen du: “Singapur metodologiaren abantaila nagusietako bat da kontzeptuen ulermen sakonari ematen zaion garrantzia. Ohiko metodoetan, askotan, ikasleak formulak eta prozedurak buruz ikastera bideratzen dira, baina Singapur metodologiak kontzeptu bakoitzaren oinarrian dagoen logika ulertzean jartzen du arreta”. Ondorioz, irakasleek diote ikasleek ez dutela soilik problema bat zelan konpondu ikasten, matematikak horrela zergatik funtzionatzen duen ere ikasten dutela nabarmenduta. Hortaz, ulermen sakon horrek ikasleek euren ezagutzak hainbat testuingurutan aplikatzea ahalbidetzen du, “ez soilik azterketetan topatzen dituzten ariketa mota jakinetan”. Adibidez, zatikien logika ulertuz gero, ikasleek zatikiak inplikatzen dituzten arazoak konpon ditzakete eguneroko bizitzako egoeretan, esaterako, faktura bat hainbat pertsonen artean banatzerakoan. “Transferentzia gaitasun hau funtsezkoa da epe luzera matematiketan arrakasta izateko”.
Kontzeptuen ulermen sakona sustatzen du metodologiak
Problemen ebazpenean ere gaitasunak garatzen ditu Singapur metodologiak, hori da-eta metodologiaren erdigunea. Hala, ikasleek ez dituzte ariketa errepikakorrak bakarrik praktikatzen, problema konplexuak ebazteko erronkei ere aurre egiten diete, horrek eskatzen duen pentsamendu logikoa eta sortzailea garatuz. Metodologiak, beraz, hainbat estrategia bultzatzen ditu; esaterako, barra ereduen erabilera, ikasleei problema konplexuak kudeagarriagoak bihurtzen laguntzeko. Eta, horrek ez du bakarrik matematika trebetasuna hobetzen, pentsamendu kritikoa garatzeko gaitasuna ere sustatzen baitu. Hortaz, arazoen ebazpenean lortutako trebetasunak ez dira matematikan bakarrik baliagarriak, bizitzako hainbat arlotan ere funtsezkoak dira. Arazo horiek ebazteko gaitasuna garatzen duten ikasleak sendoagoak dira, eta erronkei “eraginkortasunez” aurre egiteko gai ere bai. Gainera, problema konplexuak konpontzean lortzen duten konfiantzak euren autoestimua hobetzen du, matematikarako antsietatea gutxituz.
Ukigarritik abstrakziora
Singapur metodologiaren beste abantailetako bat da ukigarritasunetik abstrakziora egindako prozesuan oinarritzea. Metodo pedagogiko honi esker, ikasleek hobeto ulertzen dituzte kontzeptuak, ukigarriak diren esperientzietatik hasi eta abstrakziora igaroz. Esaterako, oinarrizko eragiketak ulertzeko, ikasleek bloke fisikoak erabiltzen dituzte hasieran, baina, gero, irudikapen piktorikoetara igarotzen dira, zenbaki eta ekuazioen manipulazio abstraktuan amaitzeko. Aurrerapen gradual hori bereziki eraginkorra da ikasle gazteentzat edo matematikarekin zailtasunak dituztenentzat. Hori horrela, Singapur metodologiak ikasleek ulermen sendo bat eraikitzea bermatzen du, “frustrazioa eta matematikako kontzeptuetan galduta edo gainezka sentitzeko arriskua gutxituz”.
Izan ere, matematikarekiko antsietatea gutxitzen die ikasle askori. Antsietate hori, maiz, irakaskuntza eraginkor ezaren eta esperientzia negatiboen ondorioz sortzen da, eta, horrek, ikasle baten matematika ikasteko eta horretaz gozatzeko gaitasuna oztopa dezake. Baina, Singapur metodologiak, ukigarritasunetik abstrakziora egiten duen egitura antolatu eta logikarekin, antsietate hori gutxitzen laguntzen du, “matematika eskuragarriagoa eta izugarriagoa” bihurtuz. “Ikasleei behar dituzten tresnak eta estrategiak eskainiz, problema matematikoei konfiantzaz ekiteko, Singapur metodologiak ikasleek matematikak nola ikusten dituzten eraldatzen du”, azaldu dute ikastolakoek. Matematika arauen eta prozedura ulertezin baten multzo bezala ikusi beharrean, ikasleek logika eta egitura duen eremu gisa ikusten dute, eta hori menperatu dezakete.
Errendimendu akademikoan hobekuntzak dakartza
Metodologia hau aplikatzeak hobekuntza nabarmenak eragin ditu ikasleen errendimendu akademikoan. Eta hori ez da bakarrik Singapurreko ikasleengan ikusi —zeintzuek sarritan lehen postuak lortu izan dituzten nazioarteko ebaluazioetan—, metodologia hori hartu duten beste herrialdeetako ikasleengan ere nabaritu da. Esaterako, Singapur metodoa aplikatu duten Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko ikastetxeek ere matematikako azterketetan puntuazioen igoera nabarmenak izan dituzte. San Fidel Ikastolakoek diotenez, errendimendu akademikoaren hobekuntza hori “onuragarria da, matematikaz harago doana”. Eta, gehitu dute ikasleek euren mentalitatean hazkunde bat garatzen dutela, eta horrek, beste erronka akademikoei konfiantza eta iraunkortasun handiagoz aurre egiteko bultzada ematen diela.
Metodologiak Singapurren du jatorria, herrialdeak 1980ko hamarkadan bere hezkuntza sistema eraldatzeko erabakia hartu zuenean garatu zutelako, helburu argi batekin: ikasleen matematikaren errendimendua hobetzea eta ikaskuntza sakonago bat sustatzea. Emaitzak aztertuta, munduko hainbat herrialdetako eskoletan lantzen duten metodologia da; besteak beste, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Australian jorratzen dute, emaitza bikainak lortuz.