"Kultura euskaraz sortzen duten erreferenteak behar dira, eta horren parte izan nahi dugu"
Maitasuna eta gorrotoa. Kontrako sentipenen talka. Japonierako hitza Bermeora ekarri dute Aritz Lertxundik, Iker Etxebarriak eta Unai Renteriak. Beraien bizipenak abestietan multzokatuz eta horiek fikzioarekin uztartuz, 'Autofikzioak' diskoa kaleratu berri dute.
Nondik dator AIZOO?
Hasieran taldeak beste izen bat zuen, eta hainbat proiektu desberdin ere egon ziren, izen hori aukeratzeko; azkenean, produktoreak erabaki zuen izena, eta hortik dator AIZOO. Japoniar oinarria du hitzak. Ai maitasuna da, eta Zoo, berriz, gorrotoa. Beraz, bien arteko nahasketa izango litzateke AIZOO. Gainera, euskarazko esanahia ere baduenez, asko gustatu zitzaigun. Talde desberdinetatik gatoz, eta proiektu baten kartelerako izen bat behar genuen: hasieran, Pressing Catch pentsatu genuen film bat dela-eta, baina gure proiektuak hasieran pentsatzen genuenarekiko ibilbide desberdina hartu zuen, eta azkenean AIZOOrekin gelditu ginen.
Nola sortu zenuten taldea?
Ideiak eta abestiak COVID-19aren aldian jaio zirela, esango genuke. Esan bezala, lehen, bakoitza beste talde batean geunden, Etxekalten eta Urgatzen, hain zuzen. Arinagotik ezagutzen ginen laurok, produktorea ere bai. Letra eta proiektu musikal bat zegoen hor, airean, printzipioz akustikoa zena, Aritzen eskutik. Ez genekien zenbateko indarra izan zezaketen abesti horiek. Akorde gutxirekin hasita, azkenean 3-4 abesti oso sortu genituen. Hasieran Aritz eta Ikerren artean hasi ginen Nuntxakuko kontzertua prestatzen, eta, ondoren, zerbait grabatzea ere pentsatu genuen. Orduantxe etorri zen baxu-jotzaile bat sartzearen beharra, eta, beraz, orduantxe sartu zen Unai; atoan eman zigun baiezkoa, gainera. Unaik dagoeneko sortuta zeuden abestiei baxua sartu zien, baina aurretiaz sortutako abesti denak alde batera utzi genituen, eta berriz ere sorkuntza prozesu horretan murgildu ginen.
“Orokortasun batetik hitz eginda, rock taldea gara, hori bai, baina hortik haratago, rockaren azpi-genero guztien artean, batek daki”.
Nola deskribatuko zenukete zuen musika?
Galdera zaila da; ez dakigu. Diskoa entzuten duen edonork mota askotako musika aurkituko du. Batzuk oso geldoak dira, beste batzuk martxa gehiago dute, dibertigarriak ere izan daitezke batzuk. Iluntasuna aurki daiteke. Argitasuna ere bai. Energia mota asko, esango genuke. Orokortasun batetik hitz eginda, rocka gara, edo da diskoa, hori bai, baina hortik haratago, rockaren azpi-genero guztien artean, batek daki.
Helbururik badaukazue?
Ez dugu beste munduko helbururik, egia esan. Hasiera batean, grabatzea eta egindako lanarekin gustura egotea espero genuen, hori izan zen gure lehen helburua, eta lortu dugu. Uste dugu, produktorearekin batera, laurok oso gustura gaudela orain artekoarekin, eta askorik espero gabe aurreikuspenak ere nolabait gainditu ditugula. Helburu txikiak asko izan dira, gutxi-gutxika betetzen joan direnak, hortik aurrera, datorrela datorrena, helburu handirik barik, baina etengabe elkar-ezagutuz.
Zeintzuk dira zuen musika munduko erreferenteak?
Ez dugu horri buruz gure artean deus hitz egin. Uste dugu erreferenteak baino, influentziak esango genituzkeela. Musika nondik joan behar den gidatzen digutenak, agian. Entseguetan, taldeen izenak baino, termino-musikalak irteten dira gehiago erreferentetzat. Ez da talde edo musikariren baten musika oinarritzat harturik gurea sortzen dugula, baizik eta gurea sortzen gabiltzala, abestiak nondik nora bideratu jakiteko erabiltzen ditugula. Gure abesti batek forma hartzen duenean esaten dugu hona edo hara eraman dezakegula. Baina erreferenteak edo influentziak ez dira gure inspirazio-iturri, intuizioa baizik. Intuiziotik hasten gara abestiak sortzen.
“Oso ondo ulertu gara laurok lehen unetik, eta uste dut horrek asko lagundu digula“.
Autofikzioak diskoa atera berri duzue. Nolakoa izan da hori sortzeko bidea?
Aritz Lertxundi: Taldeko bakoitzak desberdin erantzun dezake hemen. Niri gogorra egin zait batzuetan. Horrelako fase batean murgiltzen naizen lehenengo aldia izan da; diskoa prestatu, osorik grabatu, abeslaria izan gabe abestu, eta abar luze bat egin ditut lehenengoz. Pozgarria izan da batzuetan, baina gogorra beste batzuetan. Grabatzean bakoitzaren hutsune eta konplexu denak oso agerian ikusten dira, adibidez, eta hori kudeatzea ez zen erraza izan niretzat. Ikasi ere egin dut, asko, gogorra izan den horrek guztiak ikasteko ere balio izan dit-eta.
Iker Etxebarria: Nire aldetik, ordea, alderantziz. Erraza izan da. Oso gustura ibili naiz. Oso hurbilekoa izan da dena: Bermeon grabatu dugu, gure artean lagunak gara; ekoizlea, kuadrillakoa izateaz gain, Unairen anaia ere bada. Erraza izan da prozesua niretzat, eroso sentitu naiz orokorrean. Oso ondo ulertu gara laurok lehen unetik, eta uste dut horrek asko lagundu digula.
Zergatik Autofikzioak?
A.L: Abestietako letrak idaztean, nire burua erakustea ez zait gustatzen, agian, lotsagatik edo ez dudalako nire bizitza abesti oso baten islatzeko gaitasunik. Ez dakit. Rosa Montero idazlea oso gustuko dut, adibidez, eta horrek asko jorratzen du hori, eta morbo horrekin jokatzen du sarri. Azken finean, autofikzioa, bakoitzaren bizipenak multzokatuz liburu batera eramatea da, bizipen horiek fikzioarekin uztartuz.
I.E: Azken finean, guztiok egiten dugun zerbait dela uste dut. Zerbait kontatzeko orduan, bakoitzaren ñabardurak sartu ohi dizkiogu kontakizunari. Gure bizipenak kontatzen ditugu, kreatibitatearekin nahastuz, exajeratuz, bizipenak atonduz eta horrela autofikzioa sortuz.
Ba al dago gustukoen duzuen ala zuentzat berebiziko garrantzia duen abestirik album honetan?
Bakoitzak bere iritzia du hemen ere. Aztertzeko Koadrantea eta Galtzailearen Parean aipatuko genituzke, akaso. Baina uste dugu diskoarekiko hobekien etorri zaiguna Pulsar izan dela. Horrek definitzen du disko osoa, estetika aldetik, erritmo aldetik edota soinu aldetik. Estudioan ere gehien landua den abestia hori da, singlea izatearen hautua ere egin genuen, nahiz eta gero jendeari beste edozein abesti horixe baino gehiago gustatu zaion.
“Gure aletxoa jarriz euskara bultzatzea lortzen badugu, gu pozik“.
Euskararekiko apustua egin duzue. Horrela izango da aurrerantzean ere?
Guretzat naturalena delako egiten dugu musika euskaraz. Letrak idazteko orduan, euskara da automatikoki irteten den hizkuntza gure kasuan, beraz, ez dugu uste aurrerantzean hori aldatuko denik. Euskaraz pentsatzen dugu, euskaraz hitz egiten dugu, eta musika ere euskaraz egiten dugu. Hori da guretzat arruntena. Gainera, euskara bultzatu nahi dugu. Horren alde gaude, eta, zoritxarrez, herriko eta inguruko erabilera jaisten doa. Kultura euskaraz sortzen duten erreferenteak behar dira, eta guk horren parte izan nahi dugu. Gure aletxoa jarriz euskara bultzatzea lortzen badugu, gu pozik. Badakigu beste hizkuntza batean idatziz gero, zabalkunde handiagoa izan dezakeela gure musikak, baina ez da hori bilatzen duguna; lehen esan bezala, beste hainbat helburu txiki ditugu aurretik.
Aurkezpen biran murgilduta zaudete. Hortik aurrera zer?
Ba, gehiago bilatu! Kontzertuak ematen jarraitu nahi dugu, gure lana erakusarazteko, zuzenekoa hobetzeko eta gure arteko elkar-ezagutza egunez egun indartzeko. Pretentsio barik, baina gelditu barik.