Itaiak kaleak hartu ditu indarkeria matxista “normalizatzen” dagoela salatzeko
Atzo arratsaldean [abenduak 5] manifestazioa osatu zuten Merkurion hasi eta Pasilekuraino. Abenduaren 14ko manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Gernika-Lumoko nesken futbol talde bateko entrenatzaile ohi batek eraso matxistak egin izana salatzeko mobilizazioa egin zuen atzo [abenduak 5] Busturialdeko Itaiak. Merkuriotik atera ziren eta herriko kaleak zeharkatu ostean, Pasilekuan amaitu zuten manifestazioa.
Erasotuari babes eta elkartasun osoa bidali nahi izan zioten. Gogoratu zuten duela urtebete ere jakitera eman zirela saskibaloiko entrenatzaile batek egindako erasoak, eta orain futboleko entrenatzaile horren albistea zabaldu dela: “Entrenatzaile figurak dakarren botere harremanaz eta adingabeen egoera zaurgarrietaz baliatzen dira emakumeak sexualki jazartzeko”.
Horregatik, uste dute erasotuei egoera horri aurre egitea “ezinezkoa” dela, “pertsona helduak direlako, herrian ondo ikusita daudelako eta gurasoen konfiantza irabazten dutelako”. Horrez gain, Itaiatik adierazi dute erasotuak epaitegietan zein kalean epaituak sentitzen direla, ezin dutela haien bizitzekin normaltasunez jaraitu eta gizartean baztertzen direnak haiek izaten direla.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Era berean, gogoratu dute aste honetan salatutakoa ez dela “kasu isolatu bat”, egunero entzuten direlako indarkeria matxista kasuak albistegietan. Hain zuzen ere, azpimarratu dute Euskal Herrian aurten sei erailketa matxista egon direla. Horregatik, salatu dute indarkeria matxista “normalizatzen” ari dela eta euren beharra “irmotasunez erantzutea” dela.
Deialdia. Azkenik, abenduaren 14ko manifestaziora batzeko deia egin dute: “Ezin dugu ahaztu erasotzaile bat gure kaleetatik dagoela inpunitate osoz. Egun horretan eta egunero kaleak hartu behar ditugu indarkeri matxistaren kontra!”.