"Duela 15 urte baino korrikalari hobea naiz ultradistantzian"
Urtez urte eta han-hemen bere burua muga-mugara eroateagaz, Julen Urdaibaik sobera ikasi du zer, noiz eta nola jan. Nutrizio osasuntsuaren defendatzaile sutsua da, eta kirol elikadurari buruzkoak argitu ditu.
Julen Urdaibairen (Bermeo, 1974) bizitzaren errepideak betidanik eduki ditu bidegurutzeak kirolagaz. Futbolean hasi zen, baina modu serioan hartu zuen lehen kirola saskibaloia izan zen. Urteen joanagaz eta naturarekiko pasioz hasi zen mendian lasterka. Mundu osoan ultramaratoi lasterketak egin ditu, muturreko klimadun ekosistemetan. Bermeotarrak nutrizioak kirolean duen esangura aztertu du.
Nondik datorkizu ultramaratoiarekiko zaletasuna?
Nik beti diot nork bere distantzia zein den jakiteko, probak egin behar dituela. Neure kasua, baina, salbuespena izan zen: 2008an, Sablesko Maratoia lehiatu nuen, hasi berritan; munduko muturrekoenetako bat da. Ultradistantziak neure mugak erakusten dizkit: neure burua ingurune desberdinetara zelan moldatzen den ikustea gustuko dut, batik bat, Ipar eta Hego Poloetan, oihanean edota basamortuan. Ultradistantzia munduan, badago ekosistema jakin batera espezializatzen den korrikalari mota ere, baina nik gurago dut aniztasuna.
Norainoko esangura du elikadurak?
Oso begibistakoa da kirol arloan funtsezkoa dela, baina egunerokoan duen pisua ere aldarrikatu nahi dut. Berebiziko esangura du.
Kirol nutrizio terminoak asko du marketinetik, baina egunerokotasunean ere lan handia egin daiteke, ezta?
Hori da. Duela urte pare bat, Kataluniako nutrizio talde bategaz lanean hasi nintzen eta, hainbat urtez denetariko produktuak probatu ostean, ondorioztatu genuen kanpo laguntza hori ez dela guztiz funtsezkoa, gainontzeko lan denak egoki bete badira. Lan horiek uste baino sinpleagoak dira: ondo hidratatzea, gatz eta azukre larregi ez kontsumitzea, irin finduak ekiditea edota frutak eta barazkiak kontsumitzea.
“Eguneroko elikadura orekatua izan ezean, suplementazioa ez da inondik inora eraginkorra izango”
Ezer gutxirako balio du, beraz, kanpo laguntzak, gainontzeko dena txarto eginez gero.
Eguneroko elikadura orekatua izan ezean, suplementazioa ez da inondik inora eraginkorra izango. Produktu espezifikoak une jakin batzuetan maila jakin batera heltzeko edo denboraldiko momentu zehatzen batean laguntzeko dira, baina ez dira ezelan ere egunerokotasuneko elikaduraren ordezkoak. Nik, esaterako, momentu honetan ez dut ezer hartzen. Hori bai, ni ez naiz alor horretako profesionala: nutrizionisten eta dietisten gomendioei jaramon egin behar zaie.
“Pertsona bakar batek nutrizioari buruzko mezu okerra zabalduz gero, milioika lagun kaltetu ditzake”
Hain zuzen, badirudi gaur egun Internet eta sare sozialak espezialisten haztegi bihurtu direla, eta influencer-ak direla elikaduraren profesionalen ordezkoak.
Hori mehatxua da: sareak eurak ez dira arriskutsuak, baina gazteei behin eta berriro esan behar zaie garrantzitsua dela kalitatezko informazioa eskuratzea. Pertsona bakar batek nutrizioari buruzko mezu okerra zabalduz gero, milioika lagun kaltetu ditzake. Hausnarketa bultzatu behar da.
Sare sozialez gain, bada dirutza mugitzen duen industria bat ere.
Suplementazioaren industria egungo sendoenetakoa da. Hortaz, enpresei ez zaie batere interesatzen beraien produktuak guztiz beharrezkoak ez direla esatea, elikadura osasuntsuak ordezkatu ditzakeelako. Euren jomuga ahal beste saltzea da.
“Kontzientziazioa keinu txikietan dago”
Horren aurrean eta irakaslea zaren heinean, dibulgazio lana egiten saiatzen al zara?
Bai, noski. Ikasleen eta lankideen artean, adibidez, umorea erabiltzen dut, egunerokotasunean hobetu dezaketenaz jabetu daitezen; kontzientziazioa keinu txikietan dago.
Proba bakoitzaren xehetasunetara doitzen al duzu elikadura estrategia?
Bai. Hainbat ezaugarri kontuan eduki behar dira: distantzia, klima, umeltasun maila, tenperatura, lurralde mota edota desnibel metatua. Dena dela, lehen aipatutako profesional taldeak laguntza handia ematen dit.
Adinean gora egiteak iraupen aerobikoan hobekuntza dakar, baina berreskurapenean edota esplosibitatean beherakada. Zelan egokitzen duzu elikadura urteen iragatera?
Kontua da zeure mailari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko elikatu behar zarela. 50 urtegaz, neure indarra eta esplosibotasuna ez dira gazteagoa nintzenean besteko finak, baina badira landuago ditudan alderdiak ere: eskarmentua, alde psikologikoa edo gaitasun aerobikoa. Nik lehiatzen ditudan ultradistantziako lasterketetarako, azken horiek garrantzizkoagoak dira. Gezurra dirudien arren, duela 15 urte baino korrikalari hobea naiz ultradistantzian. Hori bai, ikasleekin saskibaloi partidu bat jokatzean, sufritzea tokatzen zait sarritan, neure bizkortasuna ez baita inondik inora 20 urteko norbanako batena.
“Larriki kezkatzen nau gazteengan ikusten dudan edari estimulagarrien gehiegizko erabilerak”
Nutrizioaren gerizpean ostondu ohi den alderdia hidratazioa da batzuetan.
Halaxe da. Esaterako, larriki kezkatzen nau edari estimulagarrien gehiegizko erabilerak. Gazteek entrenamenduetan normaltasun osoz kontsumitzen dituzte; are gehiago, edarion kontsumoa jendartean oro har zabaldua dagoela esango nuke. Horren aurrean, kalitatezko informazioa zabaldu behar da, benetan ikus dezaten zein kaltegarriak izan daitezkeen.
Probaren eguna orduko eta osteko lana ere azpimarratu behar al da?
Lasterketaren egunean egiten denaren besteko esanguratsua da. Nutrizioa epe luzera zaindu behar da, arinagoko hilabeteetan. Elikaduragaz lotutako azken orduko mirariak mitologia hutsala dira. Era berean, nabarmendu behar da kirol arloan guztia ez dela wattioen eta pisuaren arteko ratiora mugatzen: gainontzeko nutrienteak ere jagon behar dira.
“Pertsona bakoitzari produktu jakin batek egiten dio onura”
Zure eguneroko dietatik, zein elikagai gomendatuko zenuke?
Pertsona bakoitzari produktu jakin batek egiten dio onura. Nik lekaleak eta fruta nabarmenduko nituzke; horrez gain, sasoiko produktuen aldeko hautua egin behar da. Bestalde, uste dut okela eta arrain larregi jaten dugula, eta ez garela ganoraz hidratatzen. Alkohola momentu bereziagoetarako mugatu beharko genuke eta ez, ostera, egunerokoan kontsumitu. Produktu prozesatu gehiegi ere hartzen ditugu. Kontu potoloak diruditen arren, sinpleak dira.
Elikaduragaz loturiko pasadizoak ere asko izango dituzu.
Pila bat. Akorduan dut asistentzia gabeko Sablesko Maratoira, arduraren arduraz, jateko larregi eroan nuela. Normalean, soinean 6 kilo badaramatzat, orduko hartan 14 eraman nituen. Bada, bigarren egunean barra energetikoak banatzen ibili nintzen. Eskarmentua izan da horrelakoak saihesten irakatsi didan akuilua.