Bigarren urtez jarraian, Arrola izango dute elkargune
Domekan [abenduak 8] bakoitzak bere ibilbidea egin ostean elkartuko dira eta jai giroa ez da faltako hiru herrietako mugarrian.
Iaz Arrola gaineko harrian elkartu ziren lehen aldiz. Aurten errepikatuko dute, eta hurrengo urteetan jarraipena eman nahi diote. Hain zuzen ere, Mendata, Nabarniz eta Arratzuko mugak ezartzen ditu Arrolako mugarriak, eta bertan elkartuko dira bigarren urtez jarraian hiru herrietako herritarrak, domekan [abenduak 8].
Elkargunean 12:00etarako hitzordua jarri badute ere, herri bakoitzetik ordu jakin batean aterako dira. Mendatarrak izango dira lehendabizikoak: 08:30ean irtengo dira Elexaldetik. 10:00etan aterako dira Arratzutik eta ordubete beranduago, berriz, Nabarnizko plazatik. Bakoitzak bere ibilbidea egingo du, baina elkargune bera izango dute denek ala denek.
Antzekotasunekin
Arrolako Mugarrian sartenekoa prestatuko dute bertaratzen diren guztientzako. Jan-edanaz gain, musika ere ez da faltako mugarrian, trikitixa eta pandero soinuekin, hau da, jai giro eder bat sortuko dute.
Herri bakoitzak bere izaera eta berezitasunak ditu, baina antzekotasunek ere batzen dituzte. “Hirurok gara landa eremuko edo baserri munduari loturiko udalerri euskadunak eta txikiak, 500 biztanle baino gutxiagokoak”, adierazi dute. Hala, antzeko arazoei aurre egiten dietela oinarri hartuta, mugak jarri beharrean, mugarri hori geografikoki hiru udalerriak elkartzen dituen puntu modura hartzea erabaki zuten iaz. Eta, aitzaki horregaz, Arratzuko, Mendatako eta Nabarnizko herritarrak urtero bertan elkartuko dira. Iaz 150 herritar inguru batu ziren eta giro alaiaz gozatzeko aukera izan zuten. Aurten helburu beragaz elkartuko dira.