Alluitz de Bilbaoren eta Paul Ormaetxearen neurrira eginiko kaltzada
San Nikolas jaien egitarau barruan, V. Kaltzadan Gora lasterketa lehiatu dute gaur [abenduak 6]. II. Igoera Herrikoien Ligako azken geltokia izan da Elantxobekoa. Alluitz de Bilbaok eta Paul Ormaetxeak eroan dute lasterketa; Irati Zabalak eta Xuban Muniozgurenek, azken sailkapena.
Bada ura eta zerua lotzen dituen kaltzada bat. Bada herritarrak konektatzen dituen lasterketa bat. San Nikolas jaien ailegaerak esangura berezia du elantxobetarrentzat: Kaltzadan Gora lasterketa. Jai egitaraua esfortzu bete-betean abiatu dute gaur [abenduak 6], San Nikolas egunez. V. ekitaldiak portua eta herriaren goiko parteko Leunbe auzoa lotu ditu.
Herrigune osoa zeharkatu dute lasterkariek; Kale Nagusian, Bidekalean, Elizabarri inguruan eta Bermokiz auzunean topatu dituzte maldarik pikoenak, Leunberainoko azken tarteaz gain; 1,3 kilometrotan 230 metro metatuko desnibelari aurre egin diote korrikalariek. Gainera, goiz osoko zirimiriak blaitutako harlauzek gauzak asko zaildu dizkiete.
Gaztetxoenak izan dira irteera hartzen estreinakoak. 10:30ean, Tinglaupetik Elizabarrirainoko tartea egin dute Kaltzada Txikiko haurrek. Indarrak berritzeko, plazan txokolate beroa eduki dute itxaroten. Ume eta guraso, herritar eta kanpotar giro ederrean elkartu dira Elizabarrin, nagusien txanda iritsi den arte. Aurten, berrikuntza legez, minutu erdira hartu dute irteera proba nagusiko parte hartzaileek. Guztira, 58 izan dira aldapa pikoei aurre egitera ausartu diren partaideak.
Alluitz de Bilbaok 10.33ko denboragaz lortu du garaipena; Paul Ormaetxea 07.44koagaz gailendu da
Lehenengoak 11:00etan ekin dio lehiari. Lehenengo hori, gainera, hautagai nagusienetako bat izan da: Imanol GoƱi natxituarra. Leunbeko helmugan lehen erregistro sendoa harena izan da: 07.44ko denbora. Emakumezkoen artean, Nahia Elezgarai berriatuarraren [11.17] eta Alluitz de BilbaoĀ kortezubitarraren [10.33] eskutik etorri diralasterketaren gidalerro izango ziren lehen denborak. Parte hartzaileen joanagaz, sailkapenak estutzen joan dira, eta erregistroak gehiago eta gehiago gogortzen. Paul Ormaetxea iritsi den arte.Ā
Muruetarrak errotik irauli du lasterketaren noranzkoa, 07.19ko denbora gaindiezinagaz. Ibon Badiola ondarrutarra [07.32] eta Julen Aranguena [07.40] kortezubitarra izan dira gehien hurreratu zaizkion korrikalariak. Ez da nahikoa izan muruetarraren koskara heltzeko. Emakumezkoen lehian, ostera, Bilbaok erregistrorik onenari eustea lortu du, etxeko korrikalari Zuberoa Egurrolaren [11.17] eta Irati Zabala [11.21] gernika-lumotarraren aurretik. Lehen elantxobetarrei dagokienez, Egurrolak eta Koldo Basterretxeak [09.18] jaso dute sari hori.
Kaltzadan Gora probaz gain, Aixerrota, Oize, Legarmendi, Lapatza, Santa Eufemi, Tontorramendi eta EreƱozarrera igoerek osatu dute II. Igoera Herrikoien Liga
Elantxobeko hitzordua, bestalde, II. Igoera Herrikoien Ligako azken geltokia izan da. Orain arteko liderrek, Irati Zabalak eta Xuban Muniozguren markina-xemeindarrak, lidertzei eutsi diete, gogotik sufrituta izan baldin bada ere. Hain zuzen, Zabalak emakumezkoen lehian hirugarren postua poltsikoratu du, baina Muniozgureni atzeratuxeago helmugaratzea egokitu zaio: zazpigarrena izan da, lanak 08.00ko denboran burututa. Biek ala biek ziurtatu dute ligaren azken sailkapenaren garaipena.
Zerbait izatekotan, Zabala eta Muniozguren probaz proba erregularrenak izan dira txapelketaren bigarren aldian: zazpi lasterketatan, 360 puntu eskuratu ditu lehenengoak; 379, aldiz, bigarrenak. Gizonezkoen azken podiuma Aranguenak [336 puntu] eta Unai Alberdi [268 puntu] gernika-lumotarrak osatu dute; emakumezkoen artean, Elezgarai [338 puntu] eta Ziortza BarruetabeƱa [274 puntu] gernika-lumotarra izan dira bigarren eta hirugarren.Ā
Xuban Muniozguren: “Belaunean min hartuta parte hartu dut, baina ondo jakinda sailkapen orokorra nahikoa lotuta neukala”
Markina-Xemeindarra oso pozarren azaldu da azken sailkapenean nagusi agertzearren: “Belaunean min hartuta parte hartu dut, baina ondo jakinda sailkapen orokorra nahikoa lotuta neukala; lasterketa irabazteko asmoz atera naiz, asfaltoko zapatilekin”. Txapelketaren bigarren aldiak edukitako hazkundeaz galdetuta, “harrituta” azaldu da Muniozguren: “Herritar asko mugiarazi ditu lehiaketak han-hemen; probetako asko ez nituen ezagutzen, eta ezusteko ederrak eroan ditut”. Aurrerantzean, belauneko lesioa osatzea du buruan markina-xemeindarrak, “hurrengo urtean mendiko probetara bueltatu arte”.Ā
Irati Zabala: “Difrutatzera atera arren, muga-mugan amaitu dut, asko sufrituta”
Zabalak Elantxobeko kaltzadaren gogortasuna nabarmendu du: “Difrutatzera atera arren, muga-mugan amaitu dut, asko sufrituta”. Iaztik aurtengo denboraldira “hobekuntza” igarri du. Emaitzak horren erakusle. Gaur, tarte batzuetan “apur bat erregulatu” beharra azpimarratu du: “Azkenengo aldapa oso-oso luzea egiten zen, eta bazter batzuetan esfortzu maila zelan edo halan jaitsi beharra zegoen”. Hurrengo urtean errepikatzeko asmoa ere plazaratu du: “Asko gozatu dut lehiaketan zehar, bereziki, Aixerrotara Igoeran; datorren urtean hobetzen jarraitzea espero dut”.Ā
Paul Ormaetxea: “Mendiko zapatilak aukeratu ditut, eta aldaparik malkarrenetan ere ez dut irrist egin”
Balioaniztasuna, ikur.
Ormaetxeak Valentziako Maratoitik helduta lehiatu du Kaltzadan Gora, bere sasoi puntu sendoaren irakusgarri: “Maratoian indartsu ibili nintzen, baina, Elantxobekoa moduko esfortzu bortitz baten aurrean, hankak apur bat pisutsu utzi zizkidan. Hori dela eta, ez nuen espero denbora hain biribila egiterik. Mendiko zapatilak aukeratu ditut, eta aldaparik malkarrenetan ere ez dut irrist egin; horrek uneoro lasterka egitea ahalbidetu dit”. Lehiaketa “ez da helburu” izan, baina parte hartutako hiru probetan [Santa Eufemi, EreƱozar eta Kaltzadan Gora] garaipen bi eta bigarren postua patrikaratu ditu muruetarrak: “Balorazioa, inongo presio barik arituta ere, oso positiboa behar da izan”.
Alluitz de Bilbao: “Garaipena lortzeko helburuz atera naiz, Elezgarai betiere kontuan izanda”
Emakumekoen garaile Bilbao ere asebetet agertu da. Kortezubitarra 20 urtez azpikoen Bizkaiko Kros Txapelketan nagusituta iritsi da Elantxobera, eta ez du inondik inora barkatu: “Garaipena lortzeko helburuz atera naiz, Elezgarai betiere kontuan izanda. Bakarkako erlojupeko proba izatea ondo etorri zait, erreferentzia barik arituta eta neure mailarik onena emanda”. Iraganeko “akatsetatik” ondo ikasita, behetik gorakoa erregulartasunez planteatu du Bilbaok: “Duela urte bi luze egin zitzaidan azken malda, eta aurten konstantziaz hartu dut lasterketa, lasaitasunez eta esfortzuari goraino eutsiz”. Datorrenaz galdetuta, distantzia luzeagoak ditu ortzimugan: “Hurrengo astean Gazteizko maratoi erdian ariko naiz, asfalto gainean, baina hurrengo urteko jomuga mendian egongo da”.
Guztientzako ospakizuna.
Gaur dena ez da izerdia eta esfortzua, Elantxoben. Izan ere, adin guztientako herritarrei zuzenduriko egitaraua atondu dute. Eguerdian, batetik, hamaiketakoa eta trikitilarien saioa eduki dute Elizabarrin; portuan, aldiz, Bou Nabarrak prestatutako Rock Kanalla ikuskizuna, Joni Txintxes eta Billy Ladillasen eskutik. Arratsaldean, umeentzako puzgarriak egongo dira Elizabarrin, Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldearen eskutik. Gaualdiari, berriz, dezibelakaz helduko diote, eta plaza zuzeneko musikaz girotzeko arduraduna Rumbo Norte taldea izango da, 22:00etan hasirik.