Herri kirolak "herritartuko" dituzte asteburuan
Sustabiz Fundazioak II. Harrijasotze Txapelketa egingo du zapatuan [abenduak 7], Santanape kiroldegian.
Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, Sustabiz Fundazioak Harrijasotze Txapelketaren bigarren ekitaldia egingo du datorren zapatuan [abenduak 7], Santanape kiroldegian. Herritarrei herri kirolen mundua hurreratzea eta parte hartzea bultzatzea izango dira lehiaketaren oinarri nagusiak, antolatzaileek aurreratu dutenez: “Herri kirolak herritartu gura ditugu, herritarrek lehiaren presio barik ondo pasatzea, eta beren mailarik onena ematen saiatzea”. Horretarako, goiz osoko egitaraua prestatu du fundazioak. 11:00etan ipini dute hitzordua, eta 11:15ean hasiko da lehia, doako sarreragaz.
Parte hartzaileen aurkezpena egingo dute lehenik. Partaideak, hain zuzen ere, harrijasotzeko lehiaketa ofizialetan sekula parte hartu ez dutenak izango dira (proba konbinatuak barne, horiek ofizialak izan baldin badira). Gainera, denak ala denak 15 urtetik gorakoak izango direla iragarri dute. Bigarren ekitaldirako, herritarrek “erantzun polita” eman dutela adierazi dute: “Asteon zarratu dugu izena emateko prozedura, eta guztira 21 parte hartzaile kantxaratuko dira; horietako 17 gizonezkoak izango dira, eta 4 emakumezkoak; emakume gehiago erakarri izana gurago izango genukeen, baina kopuruagaz oro har pozarren gaude”.
Herri kirolariek sailkapen fasea lehiatuko dute, horietatik aurrera egiten dutenek fase finalean indarrak neurtu orduko. Izena emandako emakume guztiek 60 kilotik beherako kategorian lehiatuko dutela argitu dute; gizonezkoen kasuan, batetik, 80 kilokoak edo gutxiagokoak egongo dira, eta 80 kilotik gorakoak, bestetik. Gizonezkoen artean, beraz, txapeldun bi egongo dira, “80 kilotik beherako garaileak maila absolutukoak baino erregistro hobea egiten ez badu”. Era berean, emakumezkoek 35 kiloko bolagaz lehiatuko dute, eta gizonezkoek 50 kilokoagaz. “Bolen pisua edonork kudeatzeko bezainbestekoa izatea bilatu dugu, hau da, esfortzua bultzatu gura dugu, baina ataza egingarriak proposatuz”, nabarmendu dute.
Egin beharreko lanaz.
Aurkezpenaren ondoren, herri kirol saioak “ordua eta hiru laurden” inguruko iraupena edukiko duela aurreikusten du antolakuntzak. Sailkapen fasean, banaka ariko dira, hiru minutuko lanagaz. Kirolari batetik bestera bitartean, aldiz, minutu bateko tartea egongo da. Kategoria bakoitzeko lehen bi partaideek lortuko dute finalerako sailkapena. Berdinketa egotekotan, “pisurik txikiena duena” igaroko dela iragarri dute. Finalean, kategoria bakoitzeko txanda kirolari biek aldi berean egingo dute, eta bost minutuko iraupenez ariko dira. Sariei dagokienez, irabazleek garaikurra eta 150 euroko dirusaria jasoko dute; bigarren eta hirugarren sailkatuek, hurrenez hurren, 100 eta 75 euroko sariak.