Bertso Ardatz ekimena abian, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko
Bizkaiko 12 udal-egoitzek hartuko dute parte ekimen berri horretan. Besteak beste, Bermeo eta Gernika-Lumoko egoitzak bertsoz beteko dituzte.
Bertso Ardatz ekimena abiarazi dute Bizkaiko egoitza desberdinek, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz baliatuz. Izan ere, adineko pertsonen terapia gisa bertsolaritza erabiltzea erabaki da, eta ekimen horren bidez, batik bat, adinekoen bizi-kalitatea eta gaitasun kognitiboak hobetzea bilatzen dute. Halaber, aditzera eman dutenez, dagoeneko egin diren saioez gain, abenduan zehar ere hamaika saio egingo dituzte Bizkaiko adineko pertsonentzako egoitza desberdinetan; 12 udal-egoitzarekin jarduten du lankidetzan Bizkaiko Foru Aldundiak Bertso Ardatz ekimena aurrera eramateko.
Ekimenaren xedea argia da. Egoiliarren bizi-kalitatea eta gaitasun psikoemozionalak bertsolaritzaren bidez hobetzea, euskal kulturan hain esanguratsua den adierazpide den heinean. Bertso Ardatzen parte hartzen duten 12 udal-egoitzen artean, Bermeoko egoitza, Gernika-Lumoko egoitza, Ondarroako egoitza, eta Lekeitioko egoitza aurkitzen dira. Astelehenean, adibidez, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatua Durangoko egoitzan egon ziren, non Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak eta Ander Elortegi gernika-lumotarrak gidatu zuten saioa, bertsoz.
Arrizabalagak bertsolaritzaren garrantzia goraipatu du, alegia: “Bertsolaritza eta euskara gure kulturaren funtsezko zutabeak dira, eta adinekoen bizitza hobetzeko balio badute, hori ona da gizarte osoarentzat”. Bestalde, Antxustegik saioen onura nabarmendu du: “Saio horietan oroitzapenak eta bizipenak datoz burura, eta gainera, konfidantzazko jai-giroa sortzen da egoiliarren, bertsolarien eta egoitzako langileen artean; horrek barne harremanak hobetzen ditu eta oso onuragarri da maila emozionalean eta kognitiboan”.
Eskualde bakoitzeko bi bertsolari. Azaldu dutenez, saio bakoitzean, eskualdeko bi bertsolarik hartuko dute parte, eta “esperientzia hori aberasteko”, gainera, bertsolari horiek belaunaldi desberdinetakoak dira. Gauzak horrela, aldez aurretik aztertzen dute zentroetako dinamizazio-langileek egoiliarrei zein bertso zahar eta herri-kanta gustatzen zaien gehien, horrela “esperientzia pertsonalizatuagoa eta esanguratsuagoa” ahalbidetuz.
Lehenengo saioekiko balorazioa “oso ona” izan dela aurreratu dute Bizkaiko Foru Aldunditik, eta horren erakusle da, besteak beste, Ondarroako egoitzann dagoeneko gauzatu duten bertso saioa. Langile eta zentroetako zuzendariek motibazio eta konfiantzazko giroa nabarmendu dute, batez ere, eta abenduan zehar ere zenrorik zentro arituko direla aurreratu dute.