Azken txanpan indargabetuta
Lointek Gernika Bizkaiak 76 eta 85 galdu du Uni Gironaren kontra, ligako 10. jardunaldian. Partiduaren azken zatian ihes egin die partiduak gernika-lumotarrei. Domekan [abenduak 7] beste aukera bat edukiko dute, Joventut Badalona taldearen aurkakoan.
Lointek Gernika Bizkaiak egiteko argi askoa zuen eguazteneko [abenduak 7] Uni Gironaren aurkako partiduan: erreboteak kudeatuz partiduaren erritmoaren kontrola hartzea, kataluniarren ematzak egiteko abilezia apaltzeko. Edozelan ere, Emakumezkoen Endesa Ligaren 10. jardunaldiari zegokion partidua ez zen ogibide erraza izan Malostekoentzat, etxekoan aurrean jokatuta ere. Aurkariak 2 eta 6 aurreratu ziren hasieratik, eta etxekoen defentsa hankaz gora ipini zuten. Gernikak bere saskiratzaile nagusiei baloiak iristea bilatu zuen, baina Gironak triskantzak eragin zituen, baloiak abiadura hartzen zuenero; lehen laurdena, behintzat, partiduan sartu-sartuta amaitu zuten gernika-lumotarrek, 19 eta 23koagaz.
Chloe Bibby jaurtiketetan etengabeko mehatxu foku izan zen. Aukera txikiena edukita, saskia zuen jomuga, batez ere, 6,75eko lerrotik: lehen zatian egindako lau hirukoak saskiratu zituen. Awa Fam plazaratu arte. Etxekoak 24 eta 23 aurreratu zituen bere hiruko jaurtiketak; Lucas Fernandezek, beraz, barrualdeko jokoaren abantailak bilatzeari ekin zion. 30eko berdinketak Roberto Iñiguez hutsartea eskatzera derrigortu zuen. Maya Dodsonen erasoko erreboteak, halaber, ekarpen handiak egin zituen jokoan. Edozelan ere, hirukoak arerioen urrezko karta ziren behin eta berriro; horrexegatik joan ziren atsedenaldira markagailuan 44 eta 45 aurrea hartuta, bigarren laurdenaren hondarrean.
Aldageletatik itzultzean, etxekoek beren ekinari eutsi zioten. Beharrezkoa zen hirukoen odolustea zelan edo halan etetea. Kendra Cheryk berdinketa ezarri zuen, eta Irati Etxarrik boladari jarraipena eman zion, 54 eta 47koagaz. Distantzia luzearen eraginkortasuna Lointeken alde zegoen, partidua iraultzea lortuta. Orduan iritsi zen kataluniarren urakan haizetea: Bibbyk hirukoa saskira bidali zuen, eta Klara Lundquistek 6 eta 0eko partziala sinatu zuen bisitarientzat. Hirukoen distantzia borrokagune zen, hirugarren laurdena 66 eta 63ko markagailuagaz burutu zutenean. Mugikortasuna eta kanpo erasoak ziren Gernikaren arazo nagusiak, batez ere, Bibbyren eta Marta Canellaren ekina tarteko. Txirrinak jotzeko 02.35 minutu falta zenean, Bibbyk 73 eta 77koa sinatu zuen, eta etxekoek ez zuten asmatu egoerari buelta ematen. Orduantxe egin zien ihes norgehiagokak. Maila handiko aurkari baten aurrean hortz-haginak erakutsi zituzten gernika-lumotarrek, baina ez zen nahikoa izan garaipena ziurtatzeko. 76 eta 85ekoagaz amaitu zuten partidua.
Lucas Fernandez: “Aurkari gogorra zela jakin arren, maila handiko saskibaloia eskaini diegu etxeko zaleei”
Mailari eutsi asmoz.
Atsedenarako ia tarte barik, domekan [abenduak 7], Gernikak Badalonara joko du, 11. jardunaldia jokatzeko; Joventut Badalona izango dute arerio. Neurketa amaitu berrita, Fernandezek jokalarien konpromisoa goraipatu zuen: “Aurkari gogorra zela jakin arren, maila handiko saskibaloia eskaini diegu etxeko zaleei, batez ere, lehen 35 minutuetan. Azken txanpan, aurkariek beren aukerak zukutu dituzte eta guk, ostera, saskipean eduki ditugun aukera denak ezin izan ditugu aldeko emaitza bihurtu. Hurrengo jardunaldiari begira, ondo dakigu partidu gogorra izango dela, are gehiago, etxetik kanpo izanda. Taldearen helburua Malosten edukitako maila handiari eustea edo maila hori hauspotzea izan beharko da”.