Kaltzadatik portura: herri oso bat jai giroan
San Nikolas jaiak bete-betean ospatuko dituzte elantxobetarrek barikuan [abenduak 6], egun osoko jai egitaruagaz. II. Igoera Herrikoien Liga goizean lehiatuko duten Kaltzadan Gora proban erabakiko da.
Iluntasuna, isiltasuna eta hotza udazken eta negu aldiaren ustezko adierazgarri baldin badira, elantxobetarrek badute horri guztiorri aurre egiten dion errezetarik onenaren berri: urtearen azkenengo hilabetea iristeagaz batera, San Nikolas jaiak ospatzeko elkartzen dira.
Etzi [abenduak 6], San Nikolas egunez, goi-goitik girotuko dute herria. Zer eginik, zer dastaturik eta zer ikusirik ez da faltako goizetik gauera, egun osoko ospakizun egitarau oparoa prestatu baitute Elantxobeko Udaleko antolatzaileek, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Eguna Kaltzadan Gora lasterketa herrikoiagaz ipiniko dute abian. Lehenik eta behin, umen txanda izango da: Kaltzadan Gora Txiki proba lehiatuko dute. Lehiaz harago, haurrak kirola eta aisia uztartzeak dakarren onuraz jabetzea izango da helburu nagusia. 10:30ean, portutik Elizabarrirainoko tartea egingo dute, eta han zain edukiko dituzte indarrak berritzeko txokolate beroa eta mokadua.
Irati Zabala eta Xuban Muniozguren daude, gaur-gaurkoz, Igoera Herrikoien Ligaren behin-behineko lidertzan
11:00etan iritsiko da nagusien txanda. II. Igoera Herrikoien Ligaren epaile lanak egingo dituzte Elantxobeko aldapa pikoek. Izan ere, txapelketaren azkenengo geltokia izango da. Atzean geratu dira, hurrenez hurren, Aixerrotara, Oizera, Legarmendira, Lapatzara, Santa Eufemira, Tontorramendira eta Ereñozarrera eginiko igoerak. Gaur-gaurkoz, Irati Zabala gernika-lumotarra eta Xuban Muniozguren markina-xemeindarra daude behin-behineko lidertzan.
Txapelketa, gori-gori.
Zabalak 312 puntu ditu poltsikoratuta orain arte; Nahia Elezgarai berriatuarra hurbil du sailkapenean, 291 puntugaz; hirugarren postuan, Ziortza Barruetabeña gernika-lumotarra dago, 230egaz. Gizonezkoei dagokienez, Muniozgurenek 337 puntu dauzka patrikan, bigarren sailkatu Julen Aranguena kortezubitarrak baino 49 gehiago; podiuma, gaur-gaurkoz, Unai Alberdi gernika-lumotarrak osatzen du, 222 puntuko uzta bilduta.
Nagusiek ogibide oso gaitza edukiko dute Elantxoben, probak gogortasun esanguratsua gordetzen baitu. Portutik abiatuta, herrigunea zeharkatuko dute, goiko aldean kokatuta dagoen Bermokiz auzoraino, handik herriko azken etxeetaraino joko dute. Ibilbideak 1,2 kilometroko luzera eta 210 metroko desnibel metatua ditu; parte hartzaileak banaka aterako dira, erlojuaren kontrako lehian. Ligako beste proba batzuetan ez bezala, ez dute lokatzik, mendi nahiz baso tarterik edota belardirik topatuko; hori bai, kaltzadako harlauza aldapatsuak busti baleude, korrikalariek zailtasun zein gogortasun erantsia edukiko lukete.
Rumbo Norte taldeak rock soinekoz jantziko du Elizabarri, 22:00etan
Guztientzako jaiak.
Kirolaz gain, herritarrek hamaiketakoaz eta trikitilarien jai giroaz gozatuko dute mezaostean, Elizabarrin. Hain zuzen, eremu horretan trikiti doinuak rock musikagatik ordezkatuko dituzte gauean, Rumbo Norte taldearen kontzertua bertan izango baita. Gaualdia orduko, baina, egongo da bestelako egitasmorik ere: Bou Nabarra elkarteak antolatuta, Joni Txintxes eta Billi Ladillas taldeak Rock Kanalla ikuskizuna emango du portuan, 13:30ean. Ez hori bakarrik: Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko ordezkariak ere Elantxoben egongo dira, umeentzako jolas puzgarriak atonduko baitituzte Elizabarrin, 17:00etan.
EGITARAUA
10:30: Kaltzadan Gora Txiki lasterketaren irteera.
11:00: Kaltzadan Gora lasterketaren irteera.
12:00: Meza santua.
Ondoren: Herritarrentzako hamaiketakoa eta trikitilarien saioa.
13:30: Rock Kanalla emanaldia, portuan, Bou Nabarraren eskutik: Joni Txintxes eta Billi Ladillas.
17:00: Umeentzako jolas puzgarriak, Elizabarrin, Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeak antolatuta.
22:00: Zuzeneko musika emanaldia, Elizabarrin: Rumbo Norte taldea.