Onintza Enbeitak jantzi du txapela
Busturialdeko Bertsolari Txapelketa irabazi du Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak, Aitor Etxebarriazarragagaz buruz burukoa lehiatu ostean. Joseba Uribarri 'Paketek' jantzi zion txapela, eta Lilibertsoren lana azpimarratu zuen txapeldunak.
Bertso eskolak dira bertsolaritzaren harrobia, eta bertsolari elkarteak, bertsozaletuen taldeak edota zaletuak eurak dira bertsoa babesten eta hauspotzen duten eragileetako batzuk. Busturialdean bertsozaletasuna bizi-bizirik dago, eta hori ikusi da Busturialdeko Bertsolari Txapelketan. Hala, zapatuan (azaroak 30), bertsolariz, bertso ikaslez eta bertsozalez bete zen Astra, txapelketako finala ikusteko eta entzuteko. Lagunarteko txapelketa zen; izan ere, oholtza gaineko zortzi finalesten arteko hartu eman ona nabaria zen, eta euren arteko erlazioagaz gozatu zuten bertaratu zirenek.
Onintza Enbeitak jantzi zuen txapela, eta Lilibertsok egiten duen lana aitortu zuen agurrean: Lertxundik agur esan ei deusku, asteon erretirauta. Eta ni hemen erreke erre, atso mantartsu bat zaunka. Baina nik hemen segitzearen, errua hainbestek dauka. Kolektiboa baita niretzat, plazari eusteko pauta. Bertsolaritza egon zanean, inguruan apartauta. Lilibertso gazteak heldu, ziren lanera eta aupa. Zueri esker segitzen dot gaur, sare honek harrapauta. Nire umea izten deutsuet, gaurtik matrikulauta.
Eskualdeko txapela laugarrenez irabazi du Enbeitak, hiru aldiz gailendu baita Lilibertsok antolatzen duen txapelketan eta baten eskualdekoa Bizkaiko Txapelketarako sailkatze fasea zenekoan. “Jarraikortasun batean kontatzen badugu, hau da laugarrena, baina, Lilibertso eskualdeko txapelketa antolatzen hasi zenetik hau da hirugarrena”, azaldu du Enbeitak.
Txapelketa “berezia” da berarentzat, baina onartu du are bereziagoa dela Lilibertsokoek txapelketa antolatzen duten oro egiten dioten gonbidapena: “Niretzat berezia da txapelketa antolatzen duten oro Lilibertsokoek ni kontutan hartzea eta niri txapelketan parte hartzeko proposamena egitea. Beti deitzen didate, eta aurten ere nirekin harremanetan jarri ziren eta parte hartzea erabaki nuen. Jendeak pentsatuko du plazan egotea edota Bizkaiko txapela inportanteagoak direla, baina nik uste dut txikitik eragiten duten gauzen parte izatea oso garrantzitsua dela. Txapela bera baino, eskualdeko txapelketan hor egotea da garrantzitsuena”.
Txapelketaren helburua eskualdeko bertsozaletasuna bultzatzea dela jakitun, berak ere hor egon behar duela uste du. “Euskal Herrikoa da amets handi bat, baina guk eskualdetik hasi behar dugu bertsoarekiko zaletasuna bultzatzen, ze herririk herri ez badago bertsozaletasunik ez dago Euskal Herrikorik. Hortaz, niretzat oso garrantzitsua da txapelketa bera antolatzea eta oso polita da hor egotea”.
Agurrean ere Lilibertsoren lana azpimarratu zuen, ze, uste du eskualdeko bertsozaletasunari “freskotasuna eta ilusioa” ekarri diola taldeak: “Gu hasi ginen bertsotan aspaldi, Lopategigaz, berak kudeatzen baitzuen Gernikako bertso eskola. Gero hori dena itzali zen, eta ostean etorri zen Lilibertso. Belaunaldi berri horrek eskualdera bertsoetarako sekulako ilusioa ekarri du, eta gaur egun, bertso saioetan jende gazte asko mugitzen da. Ederra da jakitea gaur egungo gazteek bertsotan hasteko talde bat izango dutela laguntzen, edo eskolarteko txapelketa bat. Hori dena niretzako sekulakoa da”. Astrako bertso saioa, Astelehen Bezperakoa, inauterietakoa, inguruko herrietakoak… Lilibertsokoek lan asko egin dutela nabarmendu du Enbeitak, “ikaragarria den haize fresko bat eta ilusioa” eragin dutela esanda. “Iruditzen zait Lilibertso sortuko ez balitz, gaur egun Gernikan bertsolaritza ez zela egongo gaur egun dagoen lekuan”.
Enbeitagaz batera, txapelketako azken irabazle Etxebarriazarraga sailkatu zen buruz burukora.
Eurekaz batera, Lurdes Ondaro, Ibai Amillategi, Janire Arrizabalaga, Asier Galarza, Iker Uriarte eta Koldo Gezuraga igo ziren oholtza gainera. Gaurkotasunezko gaiak seriotasunez zein umorez landu zituzten; beteren artean, Israelekiko boikotaz, sare sozialetatik burua altzatzearen beharraz, Gabonak familian igarotzeaz edota Astrako barran lanean aritzeaz ibili ziren bertsotan, baita Eginen auziaz edota euskara ikasteaz ere.
Lehen zatiko bertsoaldiaren ostean, Ondarok, Enbeitak, Etxebarriazarragak eta Amillategik lortu zituzten puntu gehien, eta laurak sailkatu ziren bigarren fasera. Ostean, aldiz, buruz burukotik kanpo geratu ziren Amillategi eta Ondaro.
Enbeitak dio saioa “ondo” joan zela, eta hasieran martxa hartzea kostatu zitzaion arren, gero “bizitu” egin zela eta orokorrean, denek ala denek “saio polita” egin zutela. “Uste dut orokorrean saio polita egin genuela bertsolariok. Denok egin genuen zeozer ona, eta horrek denoi eman zigun gustora geratzeko aukera” onartu du.
Hala, egin beharrekoak egin ostean, Joseba Uribarri Paketek jantzi zion txapela muxikarrari. Eskualdeko bertso eragile aktiboa da Uribarri, betidanik bertsolaritzagaz lotura estua eduki duena, eta honen sustapen lanetan ibili dena. “Larrabetzuko Itallen bertso eskolaren sortzaileetako bat izan zen, eta Mungiako Taket bertso eskolako kide eta bultzatzaile ere bada. Denbora askoan ibili da eskualdeko bertso saio askoren itzaleko lan aktiboan, auzo elkarteekin hartu emanean eta herri txikietako jaien esparruan, batez ere. Gaur egun, bere eskuetatik pasatzen dira gure inguruetako herri eta auzoetako jaialdi asko, bertso topaketa zein txokoetako bertso bazkariak”, azpimarratu zuten zapatuan. Hala, lan guzti horri eta beste askori errekonozimendua egin gura izan zioten.
Horrez gain, buruz burukora iritsi ziren bi bertsolariek Jokin Abaitua artista gernika-lumotarrak txapelketarako beren beregi egindako oroigarria eroan zuten etxera.
Astra bete egin zuen eskualdeko txapelketako finalak, eta “sekulako saioagaz” agurtu dutela aurtengo lehia esan dute Lilibertsoko antolatzaileek: “Zorionak Onintza, ondo merezitako garaipenagatik. Kristoren finalagaz gozatu ahal izan genuen, bai bertso, bai giro aldetik. Eskerrik asko hurbildu zineten guztioi, abestera, ikustera edo lanera hurbildu zinetenoi. Zuek barik hau ez zen posible izango. Txapelketaz gain, elkar ikusiko dugu oholtzetan zein hortik kanpo ere bai”.
ARGAZKIAK: TXEBI ARRIAGA.