Herri Ekimen Legegileari buruzko hitzaldi informatiboa eman dute
Busturialdeko Pentsiodunek Herri Ekimen Legegileari buruzko hitzaldia eraman zuten aurrera, atzo (abenduaren 2an), Elai Alai Areto txikian.
Ohi moduan, atzo, 12:00etan Udaletxeko plazan batu ziren Busturialdeko Pentsiodunak; hilabeteroko lehen astelehenetan elkartzen dira, alegia, borrokatzen eta aldarrikatzen jarraitzeko. Horretan, beraien bizi eskubideen inguruan aldarrikatzeaz haratago, arratsaldeko Herri Ekimen Legegilearen inguruko hitzaldi informatibora joateko deia zabaldu zuten; zer den, puntu horretara nola heldu diren eta abar luze bat azalduz. Izan ere, 18:00etan izan zuten hitzordua Elai Alai Areto txikian pentsiodunek, Herri Ekimen Legegilearen inguruko hitzaldi informatibo bat jorratzeko. Oro har, pentsioen osagarri bat bermetzeko neurrien lege proposamenaren gaineko puntuak azpimarratu zituzten horretan. Aditzera eman dutenez, batik bat, Ana Mezok eta Mikel De la Fuentek gidatu zuten hitzaldia, eta beste hainbaten artean HELaren nondik norakoak argitu zituzten.
Ekimen honekin, eskubide sozialak bermatu eta hobetuko dituzten neurriak hartzea eskatzen jarraitzen dute Busturialdeko Pentsiodunek, hobekuntza horien bitartez pobrezia zein bazterkeria sozialarekin amaitzen joateko. Jakinarazi dute, 34 pertsona bildu zirela Elai Alain; 14 emakume eta 20 gizon. Halaber, irailaren 26an Eusko Legebiltzarraren aurrean egon zirela gogoratu zuten, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua “Herri Ekimen Legegilea ofizialki sartzea” eskatuz, eta 500 lagun inguru bilduz. Euskal Herrian, alegia, kezka handia dago pertsona nagusi ahulek bizi duten egoerarekiko, eta prozesu horrek ikusgarritasuna ematen dio beraien borrokari. Izan ere, adineko asko asistentzia zentroen eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen erabiltzaileak dira, eta gutxieneko pentsioak ez dira nahikoak izaten: “Oinarrizko zerbitzu publikoetan gero eta murrizketa gehiago daude, pribatizazioa handiagoa da eta prezioak garestiagoak”. Mezok, gainera, argi adierazi zuten beraien nahia: “Dirulaguntzak norbanakook jasotzea eskatzen dugu, eta batez ere, ofizioz jasotzea”. Beraz, hori aintzat hartuz, beharrezkotzat dute aldarrikatzen eta borrokatzen jarraitzea, “zaintza publiko, unibertsal, hurbil, duin eta kalitatezkoaren eredua bultzatzeko”.