Gabon Azoka Bermeotarra egingo dute, bigarrenez
Bermeoko Udalak eta Berton merkatari elkarlanean antolatu dute, herriko merkatarien lanari "balioa emateko" helburuagaz. Abenduaren 6tik 8ra bitartean egingo dute azoka, Artza frontoian.
Bermeoko Udalak eta Berton, Bermeoko merkatari elkarteak Gabon Azoka Bermeotarra antolatu dute, bigarrenez. Udalerriko merkatarien produktuekin osatutako azoka abenduaren 6tik [barikua] 8ra bitartean [domeka] egingo dute, Artza frontoain.
Herriko merkatariek beraien produktu eta lana ezagutarazi eta “balioa emateko” helburuagaz antolatu dute azoka, Maite Caruezo Garapen ekonomikorako zinegotziak azaldu duenez: “Gure merkatarien lanari balioa eman gura diogu, eta gure merkataritza indartu“. Gabon azokarena “urtero ospatzeko ohitura” bihurtu nahi dutela gogoratu du, iaz hasitako bideari jarraipena ematen ari direla nabarmentzeagaz batera.
Amaia Bustinza Berton elkarteko ordezkariak azaldu duenez, azokak sektore ezberdinetako komertzioak elkartuko ditu; izan ere, 23 komertzio izango dira asteburuan Artza inguruan batuko direnak. “Azoka honetan herriko komertzioen produktuak eta zerbitzuak egongo dira aukeran, modu ezberdin batean”, azaldu du Bustinzak. Hala, azokari “giro polita” eman asmoz, musika, gastroguneak eta umeentzako guneak egongo direla iragarri du. Era berean Artzara bertaratzen direnek “produktu bereziak” erosteko aukera izango dutela azpimarratu du: “Bertan bakarrik aurkitu ahal izango dira”.
Herritarrei deia. Bustinzak elkartearen helburua herritarrak eta merkatariak biltzen dituen azoka antolatzea dela nabarmendu du, “herritarren parte hartzea sustatuta”: “Gabonetako Azokak magiaz eta jai giroz beteko du frontoia eta ingurua, etorri, kuxkuxeatu, erosi eta gozatu”.
Bariku [abenduak 6] eta zapatuan [abenduak 7] azoka goizez eta arratsaldez egongo da zabalik: 11:00etatik 15:30era eta 17:30etik 20:30era. Domekan, berriz, goizez bakarrik egongo da; hau da, 11:00etatik 15:30era. Zehaztu dutenez, Gastroguneak bestelako ordutegia izango du, goizetik iluntzera, etenik barik egongo delako martxan, bariku eta zapatuan —11:00etatik 21:00etara—.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak herritarrak eta bizitariak gonbidatu ditu Gabon Azoka Bermeotarrera: “Etorri eta kuxkuxeatu, gure herrian komertzio eta zerbitzu oso onak ditugu, eta auzoka hau aukera ederra da, gurean ditugunak hobeto ezagutzeko”.
Azoka, sareetan. Gabon Azoka Bermeotarrari “ahalik eta hedapen zabalena” emateko helburuagaz, Instagram sare sozialean kontu berria sortu dute antolatzaileek, @gabon_azoka_bermiotarra izenpean. Adierazi dutenez, bertan aurkitu ahal izango dira azokaren nondik norakoak. “Lan asko egiten ari gara azoka hau polito geratzeko. Gure bezeroei herrian daukaten aukerak ahalik eta modurik politenean aurkeztea da gure asmoa”, azaldu du Bertonek.